Gizartea -

Donostia

Pedro Subijanari emango diote 2015eko Urrezko Danborra

Sukaldari ospetsua beste 20 proposamenenen aurretik geratu da, Gipuzkoako hiriburua mundu osoan zabaltzeko egindako lanagatik.

Pedro Subijana sukaldaria. Argazkia: EiTB
Pedro Subijana sukaldaria.
Pedro Subijana sukaldariari emango diote Urrezko Danborra

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Subijana sukaldariari emango diote Donostiako Urrezko Danborra 2015ean, Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak gaur erabaki duenez.

Sukaldari ospetsuak, Akelarre jatetxearen jabeak, hiru Michelin izar ditu, eta 20 proposamenen aurretik geratu da.

Gipuzkoako hiriburua mundu osoan zabaltzeko egindako lana saritzen du Urrezko Danborrak, eta urtarrilaren 20ean emango diote, San Sebastian egunean.

Goizean bi orduko bilera egin ostean, Administrazio Kontseilua berriro bildu da arratsaldean, eta minutu gutxira eman du erabakiaren berri.

Josu Ruiz Garapen Ekonomikorako zinegotziak saritua zoriondu du eta Donostia "munduko gastronomia hiriburu garrantzitsuenetako" bat izaten lagundu duen sukaldarietako bat dela azpimarratu du.

"Pedro Subijana da hori lortzen lagundu duen sukaldarietako bat. Bizi osoa eman du sukaldean, eta gastronomiaren bitartez hiria sustatzen lagundu du", adierazi du Ruizek.

Gainera, Basque Culinary Centerren fundatzaileetako bat dela eta hiru Michelin izarrak "jatetxe batek jaso dezakeen errekonozimendu handiena" dela gogorarazi du.

Urrezko Danborrerako aurkeztutako 20 proposamenak herritarrenak dira, ez talde politikoek ez administrazio kontseilua osatzen duten eragileek, ez baitituzte proposamenak egin, eta horrek balio erantsia ematen diola uste du Udal ordezkariak.

Pedro Subijana Zarauzko ostalaritza eskolan hasi zen, Luis Irizarrekin, eta Madrilgoan jarraitu zuen. 1975ean hartu zuen Akelarre jatetxearen gidaritza, eta ordutik aurrera sari ugari eta errekonozimendu handia jaso ditu.

Irakasle gisa, Amerikan eta Europako beste herrialde batzuetan aritu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Danborrada Gastronomia Donostiako informazioa Gizartea bideoak Urrezko Danborra