Gizartea -

Dibidendu digitala

Martxoaren 31ra arte luzatu dute antenak egokitzeko epea

Hasiera batean, prozesua 2015ko urtarrila baino lehen amaituta egotea espero zuten, baina, luzapena onartuta, sektoreko profesionalen eskaera hartu dute aintzat.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak lege-dekretua onartu du gaur, ostiralean, antenak egokitzeko epea luzatzeko; izan ere, martxoaren 31ra arte egongo dute aukera herritarrek hori egiteko. Egun horretan abiatuko dute dibidendu digitalaren askatzea, aurreikusita zegoena baino hiru hilabete beranduago, eta horrela herritarrek errazago bideratu ahal izango dute antenen egokitzea katerik galdu gabe.

Hasiera batean, prozesua 2015eko urtarrila baino lehen egotea amaituta espero zuten; baina eragindako eragileek dituzten datuak ikusita, ezinezkoa zen prozedura zuzen egitea. Izan ere, 2015eko hasieran herritarren "zati adierazgarri bat" TDTren kate batzuk galtzeko arriskua izango zuten, antena egokituta ez izateagatik.

Gaur onartutako neurriarekin, sektorearen eskaria hartu dute aintzat: hiru hilabeteko epea egokiena zela uste dute, Industria, Energia eta Turismo Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Jose Manuel Soriak zuzentzen duen departamentuaren datuen arabera, azaroaren amaieran eraikinen % 42,6k zuten eginda antenen egokitzea, eta urtearen amaierarako % 55k izatea zuten iragarrita.

Eboluzio datuek aurreikusten dutenez, martxoaren amaierarako eraikinen % 81k izango dute antena egokituta, hortaz, 2014ko amaieran egongo zirenak baino % 26 gehiago.

Gainera, Industriaren esanetan, luzapena amaituta herritarren % 97k telebista kate nagusien eskaintza jasotzen jarraitu ahal izango dute (nagusiak, audientziari dagokionez), euren eraikinak egokituta ez dutenek ere.

Dibidendu digitala

2010ean itzalaldi digitala egin zutenetik, modu digitalean emititzen da telebista, lurreko hedatzaile sare baten bitartez. LTD edo Lurreko Telebista Digitala deitzen zaio horri. LTDa uhinen bidez barreiatzen da; uhinok espazio publiko jakin batean daude, espektro erradioelektrikoan. Espektro honetan hainbat zerbitzuk egiten dute bat: telebista, irratia, telefonia?.

Lurreko Telebista Digitala 407-862 MHz-eko UHF bandan (Ultra High Frequency-ren siglak ingelesez; Frekuentzia Ultra Altuak, euskaraz) egon da azken urteetan Espainiako Estatuan. 2007an, belaunaldi berriko telekomunikazioen teknologia ate-joka zegoela iritzita, bandaren azken frekuentziak (790 MHz-etik 862 MHz-era doazenak) 4G sareetara bideratu behar zirela ebatzi zuen Europako Batzordeak eta estatu kideek ere hala egiteko zuzentaraua onartu zuten.

Arauari jarraiki, 800 MHz-eko banda 4G-ko sareei bideratzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, baina hori egin ahal izateko, seinalea frekuentzia horietan emititzen zuten telebista-kate batzuk lekuz aldatu behar ziren. Hori da, hain justu, dibidendu digitala: frekuentziok berrantolatzeko prozesua 800 MHz-eko banda libre gera dadin. Hala, seinalea 61 eta 69 frekuentzien artean emititzen zuten telebista-kateak beste batera eramango dituzte.

Prozesu tekniko honen aurrean neurriak hartu behar izan dituzte etxebizitza-eraikinek. Aurrena, antena egokitu behar izan dute eta, ondoren, telebista-kanalak berriro sintonizatu. Etxebizitza bakarreko etxeetan eta eraikin txikietan beste era bateko antenak erabiltzen direnez, ez dituzte antenak egokitu behar izan, eta kanalak sintonizatzearekin nahikoa da. Dibidendu digitalak telebista LTDaren bidez jasotzen dutenei bakarrik eragingo die, ez seinalea kable bidez jasotzen dutenei.

4G-ko sareei lekua uzteko erabakia 2011n hartu zuen Gobernuak. Nolanahi ere, aldaketok burutzeko diru-laguntzak, epeak eta prozedurak jasotzen dituen dekretua 2014ko urrian adostu zuen eta, hortaz, antenak egokitzeko hiru hilabete bakarrik izan dituzte.

Denbora-tarte mugatu hori da, hain zuzen ere, telekomunikazioen instalatzaileek salatu dutena.

Europako epeak

Europako Batzordeak Espainiari ohartarazi zion "ahalik eta arinen" bideratu behar zituela 800 MHz-ko frekuentziak  4G sareetara. Berez, 2013ko urtarrilaren 1 arte zuten herrialdeek hori egiteko epea, eta Espainiak, hasiera batean 2014ko urtarrila arte atzeratzea lortu zuen.

Diru-laguntzak

Herritarrek 2015eko ekainaren 30 arte eskatu ahalko dituzte antenak egokitzeko Gobernuak onartutako 280 milioi euroko laguntzak. Orain arte, 92.790 bizilagunen komunitatek eskatu dituzte laguntza, eta 2015eako urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Telebista