Gizartea -

Espazioa

'Juno' zunda Jupiterrera heldu da, bost urteko bidaiaren ondotik

NASAren ontzia goizaldean sartu da planeta erraldoiaren orbitan, eta 20 hilabetez haren misterioak argitzen saiatuko da.

Juno Jupiterren inguruan bueltak ematen, NASAk egindako irudikapen artistiko batean. EFE
Juno Jupiterren. Irudia: NASA/EFE
'Juno' espazio-ontzia Jupiterreko orbitan sartu da

0:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NASAren 'Juno' espazio-zundak historia egin du gaur Jupiter planetaren orbitan sartuta. Bost urteko bidaia uztailaren 5eko goizaldean bukatu du ontziak, baina misio korapilatsuagoa egin beharko du hemendik aurrera: planeta erraldoiaren misterioak argitu eta eguzki-sistemaren sorreraren inguruan arrasto gehiago eman.

03:54 (GMT) zirenean sartu da zunda Jupiterren orbitan. Akoplamendu operazio zaila burutu behar izan du 'Juno'k, planeta arriskutsua baita Jupiter, eta arriskutsua ez ezik, handia ere bada: Lurraren bolumenaren halako mila da.

Tripulaziorik gabeko ontziak saskibaloi kantxa baten tamaina du. Urtarrilean balentria egitea lortu zuen, espazioan eguzki-energiaz bultzatuta urrunen –Eguzkitik 793 milioi kilometrora– heldutako ontzia bihurtu baitzen.

Datozen 20 hilabeteetan ere ez du lan makala izango: Jupiterren orbitaren baitan 37 buelta emango ditu irudiak hartzeko. Helburua eguzki-sistema nola sortu zen argitzeko pistak ematea eta planeta hobeto ezagutzea.

Jupiterren erradiazio gerrikoen bihotzera heltzeko diseinatutako lehen zunda da 'Juno'. Planeta erraldoiari inoiz egin zaizkion erresoluzio handiko argazkiak atera ahalko dizkio, gainetik dituen lainoak gaindituta.

Misioa 2018ko otsailean bukatuko du 'Juno'k. Planetaren atmosferaren kontra nahita joko du orduan, eta erabat suntsituko da.

'Juno'ren aurretik, 'Galileo'

Eguzki-energiaz dabilen zunda hau baino lehen 'Galileo' ontzia bidali zuen NASAk 90eko hamarkadan. 1995ean sartu zen 'Galileo' Jupiterren orbitan, eta zortzi urtez egon zen han. Horri esker dakigu orain planeta erraldoian haize-bolada gogorrak daudela eta horren eraztunak inguruan dituen ilargiek botatako hauts-partikulekin osatu zirela.

'Galileo' ez bezala, Jupiterren poloetatik orbitatuko da 'Juno', eta horri esker, planetaren nukleoa, osaera eta eremu magnetikoa hobeto ezagutuko dute zientzialariek.

Lego eta Doodle

Zundari jarritako izenari dagokionez, Jupiter jainkoaren arreba eta emaztea zen Juno jainkosarena aukeratu zuen NASAk. Izan ere, erromatar mitologiaren arabera, lainoen gainetik ikusteko ahalmena zuen jainkosak, zundak bezalatsu.

Tripulaziorik gabeko ontzia da 'Juno', baina barruan hiru Lego iruditxo sartu ditu NASAk. Batek Jupiter jainko erromatarra irudikatzen du, besteak 'Juno' emaztea, eta hirugarrena Galileo Galilei astronomoa, Jupiterren ilargiak deskubritu zituena, alegia. Keinu honekin, zientzia umeengana hurbildu nahi izan du NASAk.

Googlek ere 'Juno'ren balentria ospatu nahi izan du, eta astearte honetako doodlea zundari eskaini nahi izan dio.

Juno Jupiter Google Doodle

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Planeta-sistemei buruzko azken ordukoa