Gizartea -

Hiru Behien Zerga

Erronkariarrek eta biarnotarrek Europako itun zaharrena berretsi dute

Urtero bezala, Baretous (Frantzia) eskualdeko agintariek Hiru Behien Zerga ordaindu diote Erronkariri. Europako itun zaharrena da, eta interes turistiko handia du egun.

Ekitaldia San Martinen Harrian egin dute. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ekitaldia San Martinen Harrian egin dute. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ekitaldia San Martinen Harrian egin dute. Argazkia: Nafarroako Gobernua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak hiru behi entregatu dizkio Nafarroari asteazken honetan, Europako itun zaharrenaren baitan.

Urtero Hiru Behien Zerga deritzona ordainduta, Baretous (Frantzia) eskualdeko artzainek Erronkariko bazkalekuak ustiatzeko baimena jasotzen dute. Europako zerga zaharrena da, eta 1375ean du jatorria, urte horren aurretik erronkariek eta biarnotarrek mendeak eta mendeak eman baitzituzten liskarretan.

Ekitaldia San Martinen Harrian egin dute, ohi bezala, eta Interes Turistikoa duen Festa gisa izendatuta dago Nafarroan.

Baretouseko agintariek hainbat behi eraman dituzte, Izabako albaitariak hiru onenak hauta ditzan.

Animaliak entregatu baino lehen, baina, erronkariek eta biarnotarrek harreman onak izateko konpromisoa berretsiko dute, "pax avant" (bakea hemendik aurrera) adierazpena hiru aldiz errepikatuta.

Ekitaldia bukatu ondoren, herri bazkaria egin dute, mugaren bi aldeetako bizilagunak adiskidetzeko. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea ere izan da bertan.

Foru Exekutiboak azaldu duenez, baliteke ohitura hau Kristo aurreko 125. urtean hasi izana. Izan ere, biarnotarrek hainbat mendez ordaindu zieten zerga hori erronkariei, bazkalekuak erabiltzearen truke, baina XIV. mendean uko egin zioten. Hori bai, 1375ean, epai batek zerga ordaintzen jarraitzera behartu zituen.

Jesus Barace Izabako alkatea ekitaldiko protagonistetako bat izan da. Horren esanetan, duela hainbat hamarkada ekitaldiak ez zuen kutsu turistiko handirik, adiskidetze eta bizikidetza ekitaldia zelako. Nolanahi ere, aitortu egin du ohitura honek diru asko ekartzen duela, turista asko bertaratu ohi baita.

Asteazken honetarako eguraldi txarra aurreikusita zegoela eta, Baracek ohartarazi du, umore kutsuarekin, ekitaldia ezin dela bertan behera geratu, zerga ordaindu ezean biarnotarrek Olorongo Katedrala entregatu beharko luketelako.

Zergaren jatorriari dagokionez, Izabako alkateak txalotu egin du aspaldi bi eskualdeetako biztanleek eta ordezkariek lortu zuten akordioa: "ulertu egin zuten zein zen arazoa eta gatazkaren kausa, antza denez frantziarrak espainiar lurretan sartzen zirelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Frantzia argazkiak Albisteak