Gizartea -

2016ko jaioberriak

Lehen hiruhilekoan ama izan direnen % 45ek 35 urte edo gehiago dituzte

Urtarriletik martxora bitartean, 4.526 haur jaio ziren. Aurreko urteko epe berberarekin alderatuta, jaiotzak % 2,1 gutxitu dira Euskadin.

Artxiboko argazkia: EiTB
Artxiboko argazkia: EiTB
Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko lehen hiruhilekoan ama izan diren euskaldunen % 44,9k 35 urte edo gehiago zituen. Gainera, 40 urte edo gehiagorekin amatu direnak 428 izan dira aurten.

Urtarriletik martxora bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan 4.526 haur jaio ziren, iazko epe berean baino % 2,1 gutxiago, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) astelehen honetan, irailak 26, jakitera eman duenez.

Eustaten arabera, jaiotzen beherakada nabariena Gipuzkoan izan da (% 11 gutxiago). Araban eta Bizkaian, berriz, jaioberrien kopuruak gora egin du (% 1,7 eta % 2,7, hurrenez hurren).

2015ean, aldiz, kontrako joera eman zen. Araban (% -5,2) eta Bizkaian (% -5,1) jaiotako haurren kopuruak behera egin bazuen ere, Gipuzkoan % 0,2 gora egin zuen. Araban, 780 haur jaio ziren; Bizkaian, 2.324; eta, Gipuzkoan, 1.422.

2016ko lehen hiruhilekoan izandako jaiotzak amaren adinaren arabera aztertzen badira, 30 eta 34 urte bitarteko amen taldea nagusi dela dio Eustatek. Haien artean erditzeen % 36,7 gertatu dira, eta talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea legoke: 35 eta 39 urte artekoa (% 35,4). Azkenik, 25 eta 29 urte bitartekoak leudeke, erditzeen % 13 izan dituztenak.

2015eko hiruhileko beraren aldean, 40 urte edo gehiagorekin amatu direnak 396 izatetik 428 izatera pasatu dira aurten. Emakume hauek jaiotzen % 9,5 izan zituzten; 25 urtez beherakoek, % 5,4.

Halaber, Eustatek argitaratu dituen datuen arabera, jaiotzen % 21,2tan ama atzerritarra zen. Aurreko urtearen aldean, ehuneko 1,6 puntuko hazkundea suposatzen du datu horrek.

Beste alde batetik, ezkontzaz kanpo jaioak guztien % 42,2 izan dira, ehuneko 1,1 puntu gehiago 2015eko lehen hiruhilekoan baino. Bizkaia (% 45,1) izan zen EAEko kopuru orokorraren gainetik ibilitako lurralde bakarra (Araban, % 40 eta Gipuzkoan, % 38,9). Talde horren erditze-adina haurrak eduki zituzten amen multzo osoarena baino txikiagoa da, 35 urtetik beherakoak baitziren ama ezkongabeen % 9,5.

Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2016ko lehen hiruhilekoan, erdiak baino gehiago (2.299), lehenengo haurrak izan ziren; 1.747 (% 38,6) aurretik beste bat bazen familietara etorri ziren; eta 480 (% 10,6) haur hirugarren edo ondorengoak izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Nerabezaroa albisteak Gurasoak