Gizartea -

Heriotzak komisariatan

Aho batez onartu dute Nafarroako komisariatan kamerak jartzea

Duela aste batzuk Elhadji Ndiaye hil zen Espainiako Poliziak Iruñean duen komisarian, atxilotuta zegoela.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia batzordeak aho batez onartu du komisariatan atxilotuei osasun asistentzia bermatzeko neurriak hartzea eta atxilotuak dauden tokiak kameraz eta audioz grabatzea. Eskaera Foru Gobernuari helarazi diote, indarrean jar dezan.

Mozioa Izquierda-Ezkerra alderdiak aurkeztu du. “Foruzaingoaren komisariatan atxilotuak egon ohi diren toki guztiak bideoz eta audioz graba daitezela eskatzen dugu, baita atxilotu guztiei osasun asistentzia bermatzeko protokoloa ezartzea ere”.

Aipatu neurriak ezartzeko sei hilabeteko epea eman diote Nafarroako Gobernuari.

Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako parlamentariak esan du atxilotu bat komisarian hiltzea “oso gertakari larria” dela, “neurriak hartzea, ikertzea eta informatzea eskatzen duena”.

Foruzaingoak atxilotuei osasun asistentzia emateko protokoloa baduela esan du, baina “premiazkotzat” jo du komisaria guztietan kamerak jartzea eta Nafarroan jarduten duten gorputz polizial guztiek gauza bera egin beharko luketela iritzi dio.

Duela aste batzuk Elhadji Ndiaye hil zen Espainiako Poliziak Iruñean duen komisarian, atxilotuta zegoela, eta horren ondotik etorri da aipatu neurrien eskaera.

Bestalde, SOS Arrazakeria eta Salhaketa elkarteek deitoratu egin dute Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak heriotza horren inguruko azalpenak emateko agerraldia egiteari uko egin izana.

Poliziak “jarrera arrazistaz” jokatu izan duela eta Iruñeko komisarian gertatutakoa ez dela salbuespena azpimarratu dute.

Horrenbestez, ondoko datuak eman dituzte: 2015ean, Estatuan, 30 pertsona hil ziren “Estatuaren zaintzapean”; 17 espetxeetan, 6 Espainiako Poliziaren komisariatan; bi Guardia Zibilaren eskuetan; hiruna Polizia autonomikoen eta Udaltzaingoen eskuetan; eta bat adingabeentzako zentro batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Nafarroako albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentua