Gizartea -

Trafikoa

Elurrak arazoak eragin ditu Araban eta Nafarroan

A-15 autobia berriro ireki dute, hainbat orduz itxita izan eta gero.

Elurra Idiazabalen. Argazkia: Egoitz Izagirre
Elurra Idiazabalen. Argazkia: Egoitz Izagirre
Auto-ilara amaigabeak Nafarroan, elurraren ondorioz

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A-15 autobidea berriz ere ireki dute, elurraren ondorioz hainbat orduz itxita izan eta gero. Hain zuzen ere, Nafarroatik zihoazen ibilgailuek izan dute itxita, Donostiarako noranzkoan, baina 18:30ean berriro zabaldu dute.

Azazeta, Opakua eta Herrera mendateak ere itxia izan dira, baina 20:20an zabalik zeuden.

Nolanahi ere, hainbat mendatetatik zirkulatzeko arreta handia behar da, hala nola Urkioan (Bizkaia) eta Etzegaraten (Gipuzkoa).

Segurtasun Sailak abisu horia izan du euriagatik eta elurragatik 18:00ak arte. 900 metrotik behera elurra egitea aurreikusten zuen Euskalmetek, Araba ekialdean eta Gipuzkoa barnealdean. Gainera, 1.000 metrotik gora elur-geruzak 15 zentimetro hartzea ere aurreikusi du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bide-Zaintza Plana aktibatu du.

Nafarroa

Nafarroan abisua horia ezarri dute gaurko, euriagatik eta elurragatik; gainera, 700 metrotik gora elurra egin lezake.

Mendateen egoerari dagokionez, Nafarroako Foruzaingoak Belaten (N-121-A) arretaz gidatzeko aholkatu du. Kamioi bat bidean gurutzatuta gelditu da 28. kilometroan, eta ibilgailuen zirkulazioa oztopatu du. Gainera, tarteka errepidea ixten dute 28. kilometrotik 35. kilometrora bitartean, bi noranzkoetan, bidean pilatutako elurra garbitzeko. Bestalde, hainbat mendate itxi dituzte, eta beste batzuetan kateak behar dira.

Itxita

Aralarko San Migel (NA-7510), 3. kilometrotik aurrera

Zaraitzuko NA-2011 errepidea, 6. kilometrotik aurrera

Irurita-Eugi (NA-1740), 16. kilometrotik aurrera

Kateak

Urkiagako mendatean, NA-138 (Aldude) errepidean

Lizarragako mendatean, NA-120 (Lizarra-Beasain) errepidean

Egozkueko mendatean, NA-2520 (Olague-Zubiri) errepidean

Horrez gain, ohikoa den bezala, Zaraitzuko NA-2012 errepidea itxita egongo da azaroaren 22tik 2017ko maiatzaren 1era bitartean, neguko plana dela-eta.

Eguraldi iragarpena

Gaurkoa egun euritsua izango da, Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera. Euria edonon egingo du, baina isurialde atlantikoan pilatuko da gehien. Tenperatura 8 eta 11 ºC artean kokatuko da, ipar haizea ibiliko da goizean, eta mendebaldera aldatuko da egunak aurrera egin ahala; kostaldean, indartu egingo da egunaren amaieran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Eguraldia argazkiak Gizartea albisteak Elurra albisteak Eguneko albisteak