Gizartea -

Pisa Txostena 2015

Hezkuntza sisteman 'azterketa sakona' eskatu dute alderdiek

Iñigo Urkullu lehendakariak 'autokritika egin' eta 'lanean jarraitu' behar dela azpimarratu du, Euskadik Pisa txostenean atetarako emaitzak direla eta.

Euskadik atzera egin du zientzian, irakurmenean eta matematikan. EiTB
Hezkuntza sisteman 'azterketa sakona' eskatu dute alderdiek

1:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko PISA txostenaren emaitzen arabera, zientzietan, irakurritakoaren ulermenean eta matematikan behera egin dute EAEko ikasleek, aurreko hezkuntza-txostenetan lortutako emaitzekin alderatuta. Estatu espainiarraren, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta Europar Batasuneko datuen azpitik daude emaitzak, matematikan izan ezik. Euskal alderdien eta sindikatuen erreakzioak honako hauek izan dira:

Iñigo Urkullu lehendakariak “autokritika egin” eta “lanean jarraitu” behar dela nabarmendu du, hezkuntza komunitate osoarekin “adostasuna” lortuta. “Gure alde ala kontra egin dezaketen alderaketekin hasi gaitezkeen arren, Pisa Txostenaren ebaluazioa sistema jarraiak egoera testuinguruan jartzen ez duela dirudien arren, eta dinamika hau 2012tik errepikatzen den arren, inbestidura saioan nabarmendu nuen Hezkuntza herrialdearen erronketako bat izango dela”, adierazi du Urkulluk.

Urkulluren hitzetan, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitate arloetako Legeak “garrantzitsuak” dira, eta horretan saiatuko da Eusko Jaurlaritza, “hezkuntza sistema bermatzeaz gain, maila guztietako bikaintasunean lan egingo dugu”.

EH Bilduk kezka adierazi du Euskadik Pisako txostenean izandako emaitza “txarrengatik”. Neurri handi batean, Jaurlaritzaren “murrizketen” ondorio direla uste du, eta hezkuntzako politika publikoak berriz planteatzea eskatu du.

Ohar batean, Legebiltzarrean Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia eskatuko duela iragarri du EH Bilduk, Pisako emaitza eta antzeko azterketak “aitzakiarik gabe” aztertzeko eta hezkuntzan sistema publikoa berriro planteatzeko.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan duenez, Pisa txosteneko emaitzak “azterketa eta hausnarketa sakon baten beharra” agerian utzi dute, eta Jaurlaritzak gai honetan duen “autokonplazentzia” gaitzetsi du.

Datuak “kezkagarritzat” jo ditu, zientzietan eta matematiketan “hain emaitza txarrak inoiz izan ez direlako”.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak “elkarrekin egindako esfortzua” eskatu du, Euskadiko Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Mendiaren hitzetan, “orain dela gutxi sinatu dugun gobernu akordioan Hezkuntza funtsezko elementutzat jo dugu, aukera berdintasuna bultzatzeko eta bizikidetza demokratikoa, solidarioa eta arduraduna eraikitzeko”.

Borja Semper Eusko Legebiltzarrean PPko bozeramailearen ustez, emaitzak “kezkagarriak” dira, eta lehendakariari “hausnarketa sakona” eskatu dio, Cristina Uriartek zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren taldeari dagokionez.

Bestalde, ELAk adierazi du txosteneko ebaluazioak “botere ekonomikoaren oinarrizko tresnetako bat” direla “hezkuntza euren interesen azpian jartzeko”.

Sindikatuaren ustez, azterketa horiek “modu berezian hartzen dute aintzat enpresa handiek eta finantza erakundeek (matematikak, zientziak eta komunikazioa) baloratzen dutena, albo batera edo bigarren mailan utzita erabilgarriak egiten ez zaizkien ezagutzak (sormena, pentsamendua, espiritu kritikoa, lankidetza).

Euskadiko Hezkuntza UGTren arabera, Euskadin atzerapena “nabarmena da”, eta “agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren porrota”.

Unai Sordo Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du Euskadin "autokonplazentziarako joera" nagusitu dela azken urteotan, baina PISAk argitaratutako txostenak ez duela ikasleen gaitasun guztiak islatzen gaineratu du.

Bestalde, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak hezkuntza-sistemaren “atzerapausoei aurre egingo dieten berehalako neurriak” hartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Halaber, txosten horren emaitzak “sakonean aztertzea” eskatu dio, baina  “autokonplazentziara” mugatu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak