Gizartea -

'Pirineos la Nuit' proiektua

Erronkaribarrek, 'izarren turismoa' amets

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Planetarioak Erronkariko zeruaren kalitatearen ziurtagiria lortzeko eta baliabide turistiko bihurtzeko ekimena jarri dute abian.

Pertseidak ikustea gaueko gozagarrietako bat da. EFE
Pertseidak. EFE
Izarrak, Erronkarira turismoa ekartzeko bidea

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bada oporrak pasatzeko lekua zeruaren kalitatearen arabera aukeratzen duenik. Astroturismoa edo 'izarren turismoa' deitzen zaio, eta zeruak eskaintzen duen gaueko ikuskizunaz gozatzeko baldintza egokiak dituen tokietan bakarrik egin daiteke.

Erronkaribarra, Nafarroako Pirinioetan, turismo mota honekin bat egin nahian dabil, eta, xede horrekin, 'Pirineos la Nuit' egitasmoa abiatu du. Ekimena mugaz gaindikoa da, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Planetarioak bultzatu dute, baina Lleidaren eta Goi Pirinioen babesa ere badu.

Mugaz gaindiko proiektua izanik, Europar Batasunean eskatu dute finantziazioa. Diru horrekin, inguruaren argi kutsadura eta horrek animaliengan duen eragina neurtuko dituzte. Egitasmoak helburu bikoitza du, horrenbestez: turistikoa batetik eta zientifikoa bestetik. Lehen neurketak Larra-Belaguan egingo dituzte Aste Santuaren aurretik.

Azterketa eginda, Starlight Fundazioak ematen duen ziurtagiria —leku batean zeruaren kalitatea bikaina dela egiaztatzen duena— lortzen saiatuko dira. Hori eskuratuta, turismo mota honetako erreferenteetako bat bihurtzeko bidean legoke Erronkaribarra.

Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikariak Radio Euskadiri azaldu dionez, astroturismoa "oso interesgarria" da. Horren hitzetan, "ingurugiroarekiko sentsibilitate eta ardura berezia duten pertsonak" erakartzen ditu, eta horrez gain, "gauez bakarrik egin daitekeenez, bisitariak leku horretan afaldu, lo egin eta gosaldu beharko du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea bideoak Nafarroako Gobernua Zientzia albisteak Gertaera astronomikoak Pirinioak Eguzki sistema