Gizartea -

Zientzia

Proba berriek duela 130.000 urte kokatzen dute gizakia Iparramerikan

Ikerketa baten arabera, zenbait hominido espezie bizi ziren Iparramerikan, orain arte uste baino 115.000 urte lehenago.

Indusketa arkeologikoa San Diegon (Kalifornia). Argazkia: EFE
Indusketa arkeologikoa San Diegon (Kalifornia). Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizakienak direla uste diren alterazioak aurkitu dituzte duela 130.000 urteko mastodonte baten hezur hondakinetan, eta aurkikuntza horrek goitik behera alda dezake gizakia Iparramerikara iritsi zeneko kontakizuna.

Aipaturiko fosil hondarrak San Diegoko Naturaren Historiako Museoko paleontologo talde batek aurkitu zituen, Kaliforniako autobide bat berritzeko egiten ari ziren ohiko lanetan.

Hezurrak, letaginak eta haginak —horietako asko oso apurtuta— aurkitu zituzten, ustez, mailu gisa erabilitako harri batzuekin batera lurperatuta. Aipaturikoa Ameriketako gune arkeologiko zaharrena litzateke, eta aurkikuntza Nature aldizkarian argitaratu dute.

"Aurkikuntza horrek gizakiak Mundu Berrira iritsi zireneko historia berridatziko du. Toki horretan aurkitu ditugun zantzuek erakusten dute zenbait hominido espezie bizi zirela Iparramerikan duela 130.000 urte, orain arte uste baino 115.000 urte lehenago", adierazi du Judy Gradwohl San Diegoko museoko presidente denak.

"Horrek galdera berriak sortzen ditu: Gizaki horiek nola iritsi ziren? Zeintzuk ziren?. Duela gutxira arte, Iparramerikako lehen giza asentamenduak duela 14.000 urtekoak zirela uste zuten adituek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Zientzia