Gizartea -

França geltokia

54 pertsona zauritu dira Bartzelonan, tren istripu batean

Zaurituetako bat larri dago. Aldiriko tren batek geltokiko nasako topearen kontra jo du.

Zauritutako batzuk nasan bertan artatu dituzte. EFE
Tren istripua Bartzelonan

1:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldiriko tren batek istripua izan du goizean Bartzelonako França geltokian. Trenak nasako topearen kontra jo du, eta, kolpearen ondorioz, 54 pertsona zauritu dira, tartean tren gidaria. Zaurituetako bat larri dago.

Larrialdi Medikoen Sistemak (SEM, gaztelaniazko sigletan) emandako behin betiko datuen arabera, guztira 54 zauritu daude. Horien artean, bat larri dago, 19k larritasun maila gutxiagoko zauriak dituzte eta 20 arin zauritu dira. Larri zauritutakoa Clinic Ospitalera eraman dute, eta gainerakoak, Vall d'Hebron, Sant Pau, del Mar eta Sagrat Cor erietxeetara.

 

Renfek telefono bat jarri du zaurituen senitartekoentzat: 900 101 020.

Kataluniako Gobernuko Babes Zibilak zehaztu duenez, 07:15 aldera jazo da istripua, eta berehala jarri dute martxan larrialdi plana.

Sei anbulantzia, Esquadra Mossoen bederatzi patruila, Bartzelonako suhiltzaileen 11 ibilgailu eta hainbat udaltzain bertaratu dira.

Lekuko batek ezbeharra izan eta gutxira grabatutako bideoa:

 

 

Nasako topearen kontra jo du trenak

Ezbeharra izan duen trena Sant Vicens de Calders herritik atera da 06:02 aldera, Bartzelona helmuga. Lehen datuen arabera, França geltokira heldu denean, nasako topearen kontra jo du trenak. Mossoek ikerketa zabaldu dute istripuaren arrazoiak zehazteko.

BARCELONA FRANCA TRENA ISTRIPUA ACCIDENTE EFE

Trenaren aurrealdea. EFE

Josep Rull Lurralde eta Jasangarritasun kontseilariak França geltokitik bertatik esan duenez, tren gidariarekin hitz egin du, eta shock egoeran omen dago. Hark azaldu dionez, "zorionez, trena ez da oso abiadura handian sartu geltokian".

Horren arabera, trena gelditzen hasita zegoen topearen kontra jo duenean. Garaiz gelditzerik izan ez duelako gertatu da kolpea, eta, ondoren, trenbidetik atera da, Rullen hitzetan. Dena dela, kontseilaria zuhur agertu da istripuaren zergatiaren inguruan hitz egiteko orduan, eta ikerketa zabalik dagoela ohartarazi du.

"Abiadura betean joan izan balitz, istripuak aurreikusi ezinezko ondorioak edukiko lituzke", gaineratu du.

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea Françako geltokira joan dira, istripuaren nondik norakoen berri bertatik bertara jasotzera. Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroa ere Bartzelonara bidean jarri da horren berri izandakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa