Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Bi emakumek sexu abusuak salatu dituzte Donostian

Sexu abusu horiek uztailaren 28an eta 31n izan ziren, Antigua eta Gros auzoetan, biak goizaldean. Horietako batekin lotuta, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi emakumek bi sexu abusu salatu dituzte Donostian, eta horietako batekin lotuta, Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du. Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, sexu abusu horiek uztailaren 28an eta 31n izan ziren, biak goizaldean.

Erasotutako bi emakumeek handik minutu batzuetara jarri zituzten salaketak. Orduan, Donostiako Udaltzaingoak erasotzaileak identifikatu eta atxilotzeko ikerketa hasi zuen.

Ezezagun batek “ukituak” egin zizkiola salatu zuen atzo, astelehena, 30 urte inguruko emakume batek. Salaketaren arabera, goizaldean, Portuene inguruan (Donostiako Antigua auzoan) gizonezko bat harengana hurbildu eta ukituak egin zizkion.

Gertatutakoaren abisua eman ondoren, une horretan inguruan zebilen Donostiako Udaltzaingoaren patruila bat harengana hurbildu zen, eta erasotzaileari buruz emandako datuei esker handik gutxira atxilotu zuten, sexu abusuak egitea leporatuta.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, beste erasoa joan den ostiral goizaldean izan zen, uztailaren 28an, Txofre plazatik gertu dagoen kale batean (Gros auzoan). 30 urte inguruko emakume batek salatu zuenez, ezezagun bat gainezka etorri zen eta hitzik esan gabe ukituak egin zizkion.

Neskaren esanetan, garrasika hasi zenean erasotzailea korrika hasi zen eta lekutik ihes egin zuen. Donostiako Udaltzaingoa erasotzailea identifikatzeko lanean ari da orain.

Bi sexu abusu hauen aurrean, Eneko Goia Donostiako alkateak bozeramaileen batzarra deitu du biharko, Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztiekin adierazpena adostu eta ostegunerako elkarretaratzea egiteko asmoz. Ildo horretatik, erasoak gaitzetsi ditu eta biktimei babesa adierazi die.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia bideoak Indarkeria matxista gaur Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Delituak Gizartea bideoak Eguneko albisteak