Gizartea -

G20ko goi bilera

Hanburgoko istiluengatik epaiketa abian, besteak beste bilbotar baten aurka

Aste honetan hasi dira 100 pertsona baino gehiagoren aurkako epaiketak, uztailean hiri alemaniarrean egindako goi-bilera dela eta izandako liskarrengatik.

Hanburgoko istiluen irudi bat. Argazkia: EiTB
Hanburgoko istiluen irudi bat. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100 pertsona baino gehiagoren aurkako epaiketak hasi zituzten Alemanian atzo, astelehena, G20ko goi bilera zela eta uztailaren 7an eta 8an izandako liskarrengatik. Akusatuen aulkian bilbotar bat ere badago.

Andre Buchholz Hanburgoko Probintzia Auzitegiko epailearen -Kai Wantzen- bozeramaileak Eferi adierazi zioenez, aste honetan holandar eta poloniar baten aurkako epaiketak egingo dira eta, momentuz, ez dute erabaki noiz hasiko duten Bilboko hiritarraren epaiketa.

Holandarrarentzat (21 urte) 31 hilabeteko espetxealdia erabaki zuten saio bakarrean. Zigorra Fiskaltzak berak eskatutakoa baino zorrotzagoa da, probatutzat jo baitute gutxienez bi botila jaurti zituela Poliziaren aurka. Kartzelan dago uztailaren 7tik.

Bilbotarrak (31 urte) David du izena, bere askatasuna eskatu duten ekintzaileen arabera.

Guztira, Hanburgoko Fiskaltzak 109 ikerketaren berri eman du, identifikatuta duten pertsonen ingurukoa, hain zuzen. Horiez gain, identifikatzeke dauden pertsonen gaineko beste 64 ikerketa zabaldu dituzte.

Gainera, Hanburgo hiri-estatuko Barne Departamentua 60 agente ikertzen ari da, manifestariei egindako delituengatik. Horietako zortziren aurkako salaketak Polizia barrutik atera dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Alemania Epaiketak albisteak Gaurko azken ordukoa