Gizartea -

ISTRIPUA

Gidari batek istripua izan eta alkohol-tasa hirukoiztu du Iruñean

Gidabaimena kenduta zuen, epaile baten aginduz, baina, hala ere, kotxea hartu, eta istripua izan du, goizaldean, Donibane auzoan.

Autoa irauli du gidariak. Argazkia: @BomberosNavarra (Twitter).
Autoa irauli du gidariak. Argazkia: @BomberosNavarra (Twitter).
Autoa irauli du gidariak. Argazkia: @BomberosNavarra (Twitter).

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken goizaldean, 25 urteko gidari bat atxilotu dute Iruñean, Donibane auzoan, istripu bat izan ostean. Dirudienez, hainbat zuhaitz jo eta eraikin baten aurka talka egin eta gero, autoa irauli egin da. Gidariak hirukoiztu egin du baimendutako gehienezko alkohol-tasa, eta gidabaimena kenduta zuen, gainera.

Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 02:45ean gertatu da istripua, La Oliva Monasterioaren plazatxoaren eta Iratxeko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzean. Antza, gaztea ihes egin nahian zihoan, abiada bizian, patruila batek gelditzeko agindua eman eta gero, modu susmagarrian gidatzen ikusi baitu.

Ihesaldian, baina, ibilgailua bidetik atera da, zenbait zuhaitz jo ditu, eta iraulita geratu da, eraikin baten kontra talka egin ondoren. Gidaria Nafarroako Ospitalegunera eraman dute, zaurituta. Dena den, ez omen zuen zauri larririk.

Alkoholemia-proban izandako emaitzen arabera, gaztea edanda zegoen, baimendutako alkohol-tasa hirukoiztu egin baitu. Gainera, gidabaimena kenduta zuen, epaile batek aginduta. Ondorioz, agenteek eginbideak hasi dituzte horren kontra, bi delitu egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zirkulazio Istripuak Trafikoa Iruñeko bideoak Nafarroako albisteak Trafikoko telefonoak Trafikoko web-kamerak Gasteizen Gaurko azken ordukoa