Gizartea -

PROTESTA JENDETSUA

35.000 pertsona atera dira kalera Iruñean, 'La Manada'ren epaia salatzeko

"Ez dago gure hitza epaituko duenik" dioen pankartaren atzetik abiatu da Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa Nafarroako Justizia Jauregitik.

Justizia Auzitegitik abiatu da manifestazioa. Argazkia: EFE
Justizia Auzitegitik abiatu da manifestazioa. Argazkia: EFE
35.000 pertsona manifestatu dira Iruñean, 'La Manada'ren epaiaren aurka

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, 35.000 lagun irten dira gaur kalera Iruñean, 'La Manada'ko bost kideak sexu-erasoagatik zigortu beharrean, sexu-abusuagatik kondenatu izana salatzeko.

Deitzaileek gogor kritikatu dute bai egungo Zigor Kodea baita epaileek horren inguruan egindako irakurketa, eta arazoaren oinarrian "eredu patriarkala" dagoela salatu dute.

"Ez dago gure hitza epaituko duenik" "Guk sinesten dizugu" dioen pankartaren atzetik abiatu da Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa 12:30ean Nafarroako Justizia Jauregitik. Polizia Foral ugari zeuden leku horretan, ostegunean epaia jakin zenean tentsio uneak bizi izan ziren lekuan, hain zuzen ere.

Metro batzuk atzerago, beste pankarta bat, beltza (manifestari gehienak ere beltzez jantzita joan dira) ikus zitekeen "Emakumeak gara: ez gaituzte geldituko" leloarekin.

Protesta horretan parte hartu dute, besteak beste, Geroa Bai, EH Bildu, PSN-PSOE, Podemos Navarra eta Izquierda-Ezkerrako ordezkariek.

"Tranquila hermana, aquí está tu manada", "zuek matxistak, zarete terroristak", "Ez gaude denok, Nagore falta da"

"Tranquila hermana, aquí está tu manada", "no es no, el resto es agresión", "zuek matxistak, zarete terroristak" eta "no es un caso aislado se llama patriarcado" bezalako leloak ohikatu dituzte manifestariek ibilbidean zehar.

Eta horiekin batera "Ez gaude denok, Nagore falta da" leloa ere entzun da behin baino gehiagotan, 2008ko uztailaren 7an, Iruñean hil zuten neska gipuzkoarrari erreferentzia eginez. Diego Yllanes medikuak hil zuen sexu-harremanak izateari uko egin ostean.

Manifestazioa hasi aurretik, Tere Saez Andrea-Lunes Lilas taldeko kideak esan du epaiak "ondo" jasotzen dituela egintzak, baina gero "ez direla gai sexu-eraso deitzeko, hori denean".

"Kasu honetan bai Legearekin bai epaileekin egon da arazoa" gaineratu du, "sexu-indarkeria ez baita indarkeria matxista kontsideratzen". Horregatik, "Zigor Kodea aldatuko duen lege bat" behar dela esan du, "emakumeen askatasun sexuala zer den ulertuko duena". Ondoko hausnarketa ere egin du: "Epaileek ere formatu egin behar dute. Ez du balio jurisprudentziaz bakarrik jakiteak, berdintasun eta genero gaiak ere ulertu behar dituzte".

Uxua Alvarez, Iruñeko Mugimendu Feminitako kideak, bere aldetik, esan du gaurko manifestazioa 'La Manada'ren sententziaren kontra protesta egiteko dela, baina "emakumeok jasaten dugun idarkeria patriarkalaren kontra egiteko ere bai". "Ez da eraso horretan bakarrik jarri behar fokua, egunero gertatzen baitira erasoak eta ez dira ikusten" nabarmendu du. Hala ere, kasu zehatz honetan epaia "onartezina" dela nabarmendu du, "koherentzia falta ugari" dituena, eta "justizia honek emakumea errudun egin eta babesgabe uzten du" gaineratu du.

Manifestazioaren amaieran, Gaztelu Plazan, protestaren deitzaileek esan dute "injustizia patriarkala sistemaren besoetako bat" besterik ez dela: "Ez dugu parte hartuko erasotzen, hiltzen, gaituen sistema batean". Emakumeek "aurrera" egin behar dutela esan dute, "gai gara eta prestatuta gaude", baina hori bai, "ez dugu ausartak izan nahi, libreak baizik" amaitu dute.

PAMPLONA MANIFESTACION IRUNEA MANIFESTAZIOA

Gaztelu enparantza gaur. Argazkia: EFE

Baionan ere kontzentrazioa izan da

Baionan ere 'La Manada' kasuko sententzia salatzeko kontzentrazioa izan da gaur goizean. Dozenaka lagun bildu dira 10:30 aldera Xaho Kaian Aintzina! Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakundeak deituta:

Fiskalen Elkarteak La Manadaren epaiaren kontrako erasoak salatu ditu

La Manada kasuaren epaia publiko egin ostean izan diren protesten ondotik (politikariak zein herritarrak kontra agertu dira publikoki), AF Fiskalen Elkarteak gogor kritikatu du Nafarroako Auzitegiko magistratuen kontrako erantzun "proportziogabea", "mespetxuzkoa" eta "zuzentasun gutxikoa".

Ohar baten bidez, AFk bat egin du epaileen hiru elkarteek (APM Magistraturarako Elkarte Profesionala, Francisco de Vitoria eta Foro Judicial Independiente) zabaldutako iritziarekin, magistratuei "neurrigabeko erasoak" egin zaizkiela esanez, eta "zentzua berreskuratzeko" eta epaileen erabakia errespetatzeko eskatu dute: "Ados ez egon arren, ebazpen guztiek errespetua merezi dute, hori baita Zuzenbide Estatuaren eta Demokraziaren oinarrizko zutabea". Hala, desadostasunak dauden kasuetarako, Legeak errekurtso sistema bat aurreikusten duela gogorarazi dute.

Elkartearen iritziz, azken egunotan entzun diren iritziek "mespetxatu" egiten dute epaileen eta fiskalen lana, "epai paraleloak" egiten dira, "albisteek eraginda legislatzeko tentazioa dago" eta "zuzentasunik gabeko adierazpenak egiten dira, politikariak lan jurisdikzionalean sartuz".

Ildo horretan, AFk Rafael Catala Espainiako Gobernuko Justizia ministroaren hitzak zentsuratu ditu, honek ea delitu sexualak ondo tipifikatuta dauden ikusteko, Zigor Kodea errebisatuko dutela iragarri ostean.

____________________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista gaur Nafarroa Delituak Gizartea Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa ‘La Manada’ auzia azken ordukoa Albisteak Gaur