Gizartea -

Delitua

Fiskaltzak 7 urteko zigorra eskatu du Torberentzat, haur pornografia zabaltzeagatik

Ministerio Publikoak haur pornografia edukitzea eta zabaltzea leporatu dio Torberi, baita sekretua ezagutzearen eta agerraraztearen delitua ere.

Igancio Allende Fernandez ‘Torbe’. Artxiboko argazkia: EiTB
Igancio Allende Fernandez ‘Torbe’. Artxiboko argazkia: EiTB
Igancio Allende Fernandez ‘Torbe’. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak zazpi urte eta zazpi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Igancio Allende Fernandez ‘Torbe’ zine pornoko zuzendari eta ekoizlearentzat, berak grabatu zituen bi adingabeen haur pornografia zabaltzea leporatuta.  

Ministerio Publikoak haur pornografia edukitzea eta zabaltzea leporatu dio Torberi, baita sekretua ezagutzearen eta agerraraztearen delitua ere.

Auzi honetan auzipetutako beste akusatuentzat, Jose Carlos P.R. eta Francisco Jose M.L., fiskalak hiru urteko kartzela-zigorra eskatzen du  lehenengoarentzat, haur pornografia zabaltzea egotzita, eta urtebeteko espetxealdia bigarrenarentzat, haur pornografia edukitzeagatik.

Fiskalak landu duen behin-behineko akusazio idatziaren arabera, 2012ko abenduan Torbe errumaniar gazte batekin harremanetan jarri zen. Neskak 18 urte baino gehiago zituela esan zion zine pornoko zuzendariari, eta beste gizon batekin bi bideo porno grabatzea adostu zuten.

Fiskaltzaren esanetan, handik denbora gutxira, neska oraindik adinez txikikoa zela jakin zuen Torbek, eta, arrazoi horregatik, hilabete batzuk itxaron zituela 18 urte bete eta bi bideoak bere webgunean argitaratzeko. Alabaina, 2016ko azaroaren 21ean, gazteak gertatutakoa salatu zuen, Errumaniako polizia-etxe batean.

Ministerio Publikoak azaldu duenez, 2015eko urriaren 21ean, Torbek beste gazte baten mezua jaso zuen, eta adinez nagusia zela esan ondoren, gisa horretako bideoak grabatzeko prest agertu zen. Bere mezuan, biluzik agertzen zen argazki batzuk erantsi zituen. Torberi argazki horiek gustatu zitzaizkion, eta beste pertsona bati gaztearekin harremanetan jarri eta Madrilen bideo porno bat grabatzeko eskatu zion. Telefono mugikor batekin grabatu zituzten eszena guztiak, gaztearen “ezagutza eta baimenarekin”.

Astebete geroago, Francisco Jose M.L.ri neska horren argazki bat bidali zion Torbek, gaztearen baimenik gabe. Bertan, biluzik agertzen zen, eta "argi eta garbi ikusten zen haren aurpegia eta fisonomia".

2015eko urriaren 30ean, Torbe eta neska berriro elkartu ziren, beste emakume batekin eszena gehiago grabatzeko asmoz. Hilabete bat geroago, bideo hori bolo-bolo zabaldu zela ikusi ostean, gazteak Torberi deitu zion, 18 urte bete gabe zituela ohartarazteko, Fiskaltzaren arabera.

Ministerio Fiskalaren arabera, "une horretatik aurrera auzipetuak bazekien neska adinez txikikoa zela, inolako zalantzarik gabe”. Izan ere, bere posta elektronikoa erabili zuen beste webgune bateko arduradunekin harremanetan jarri eta bidea ezabatu zezaten eskatzeko.

Bestalde, neskak oraindik 18 urte bete ez zituela bazekiten arren, Fiskaltzak nabarmendu du Francisco Jose M.L.-k bi bideoak eskatu zizkiola Torberi.

Ministerio Publikoak azaldu duenez, Torbek bere langile bati eskatu zion bi bideo horiek bidaltzea, eta Francisco Jose M.L.-k bere ordenagailuan gorde zituen gaztearen bideoak eta argazkiak. 2015eko azaroaren 4an, gazteak, bere aitarekin batera, salaketa jarri zuen Madrilen.

Fiskaltzaren arabera, aipatutako bideoa sare sozialetan zabaldu izanak ondorio larriak izan zituen auzi honetan babestutako lekukoa den gaztearengan. Zehazki, intentsitate ertain-altuko trauma osteko estres nahasmendua diagnostikatu zioten gazteari. Fiskaltzak gaineratu duenez, horrek "gazteari kalte larria eragin zion arlo pertsonalean, senideekin eta lagunekin, eta ikasketak alde batera utzi behar izan zituen bere prestakuntza prozesua jarraitu ahal izan ez zuenean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete bideoak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak