Gizartea -
KORONABIRUSA
Ehuneko langatik gora jarraitzen dute covid kasuek Nafarroan, tasa % 8,2raino igota
Astebetean, bikoiztu egin da positibo berrien kopurua, eta positibotasun tasa, berriz, hirukoiztu.
EITB MEDIA
Bezperako datuekin alderatuta positibo kopuruak behera egin badu ere Nafarroan, bosgarren egunez jarraian ehuneko langa gainditu dute kasu berriek: atzo, 102 positibo atzeman ziren, ostegunean baino 21 gehiago, Foru Gobernuko Osasun Publikoko Institutuak emandako behin behineko datuen arabera.
Orotara, 1.251 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 719 gehiago) eta horietatik % 8,2 positiboak izan ziren. Positibotasun tasak, beraz, berriro gora egin du nabarmen, bi puntu.
Astebetean, bikoiztu egin da positibo berrien kopurua, eta positibotasun tasa, berriz, hirukoiztu: joan den asteko ostiralean, martxoak 12an, 51 kasu positibo zenbatu ziren eta positibotasuna % 2,7koa zen.
Aste honetan, ondorengoa izan da positibo kasu berrien bilakaera Foru Erkidegoan: astelehenean 68 (3,2 %), asteartean 100 (% 4,5), asteazkenean 70 (%3,9), ostegunean 119 (% 6) eta ostiralean 102 (%6,2).
EAE
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 326 positibo berri izan direla jakinarazi du, ostiralean egindako 5.342 proba diagnostikoetan; beraz, positibo tasa % 6,1ekoa da.
Pandemiak Euskadin izan duen bilakaerari buruzko datuen arabera, atzo herenegun baino kasu gutxiago atzeman ziren; hala ere, askoz proba gutxiago egin ziren (ostegunean, 8.594). Hala, aurreko egunetan bezala, positibo tasak gora egiten jarraitu du, eta otsaileko lehen astetik EAEn erregistratu ez zen % 6ko langa gainditu da berriz ere.
Egun batean izan ezik, martxoaren 11n (% 5,2ra iritsi zen), positibo tasa % 5etik behera mantendu da martxoan. Alabaina, atzo % 5,4ra igo zen, eta gaurko igoera askoz ere handiagoa izan da. Joera aldaketa hasia dela dirudi, beraz.