Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboak puztuta daude berriro Nafarroan, 118 kasu atzeman baitituzte
Bezperan baino 52 gehiago dira, eta duela bi aste zenbatutakoen bikoitza baino gehiago.
E. G. | EITB MEDIA
Birusa oldartu egin da berriro Nafarroan. Azken orduotan, 118 kasu atzeman dituzte, baina ez da hildakorik izan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Zehazki, atzo 2.248 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 1.100 gehiago) eta horien % 5,2 positibo izan ziren. Horrenbestez, positibotasun tasa apur bat jaitsi da (% 5,7an kokatu zen igandean).
Bezperan atzemandakoak baino 52 gehiago dira, eta duela astebete baino 50 gehiago. Are gehiago, duela bi asteko kopuruaren bikoitza baino gehiago dira (50 kasu zenbatu zituzten orduan).
Atzoko datuetan agertzen denez, bederatzi pertsona ospitaleratu zituzten atzo koronabirusarekin, horietako bat ZIUn, eta guztira 92 ziren ospitaleratutakoak (bezperan baino sei gutxiago). Orotara, 17 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan (bi gutxiago), 9 etxean ospialeratuta, eta 66 planan (zortzi gehiago).
Datuak herriz herri aztertuta, Antsoainen zenbatu dituzte kasu gehien: 11, hain justu. Iruñeko Sanduzelai auzoan, berriz, 10 atzeman dituzte. Zerrendan hirugarren postuan ageri dira Elizondo, Burlata eta Buztintxuri auzoa (Iruñea), bosna positiborekin, eta Lerin eta Valtierra, laugarren postuan, launa kutsatzerekin.
Hain justu, azken egunotan atzemandako kasuen gorakada tarteko, Osasun Kontseilaritzak, Milagroko, Acedoko eta Mendazako udalekin lankidetzan, baheketa masiboak egingo ditu hiru herri horietan. Milagron, 30-64 urteko herritarrak daude deituta; guztira, 1.632 pertsona. Acedon eta Mendazan, 14 urtetik gorakoei egingo diete proba (132 eta 292 herritar dira guztira, hurrenez hurren).
Gainera, Osasun Departamentua PCRak egiteko leku bat prestatzen ari da Refenan, Aste Santuan etxera itzultzen diren ikasleei probak egiteko. Hitzordua eskatu beharko dute 648 200 400-an, 9:00etatik 21:00etara.