Gizartea -

AEB

Pablo Ibarri ezarritako biziarteko kartzela zigorra berretsi du Floridako Apelazio Auzitegiak

Euskal jatorriko presoaren defentsa epaia aztertzen ari da Estatuko Auzitegi Gorenera jotzeko aukerarik ote dagoen ikusteko.

Ibar, haren kontra egindako azken epaiketan, 2019an. EFE
Ibar, haren kontra egindako azken epaiketan, 2019an.
Pablo Ibarren abokatuak Gorenera jotzea aztertzen ari dira

03:22

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Floridako Apelazio Auzitegiak berretsi egin du Pablo Ibar euskal jatorriko presoari beste epaitegi batek ezarritako biziarteko kartzela zigorra. Ibarren epaiketa ez zela justua izan argudiatuta, helegitea aurkeztu zuen defentsak, zigorra baliogabetu eta beste epaiketa bat egitea eskatzeko. Apelazio Auzitegiak, ordea, letratuaren argudioak baztertu ditu. 

Hala jakinarazi du, ohar bidez, Andres Krakenberger Pablo Ibar-Epaiketa Justua elkarteko bozeramaileak. Horren esanetan, erabakia "kolpe latza" izan da familiarentzat. Argitu duenez, Ibarren abokatuak ebazpena aztertzen ari dira Auzitegi Gorenera jotzeko aukerarik ote dagoen ikusteko. 

Krakenberger bera eta Joe Nascimento abokatua Euskal Herrian izan dira egunotan, eta biak ala biak "itxaropentsu" azaldu dira balizko baliogabetze baten aurrean. 

Hiru pertsona hiltzea egotzita, heriotza zigorra ezarri zioten Ibarri 1994an, eta 16 urte igaro zituen heriotzaren korridorean, harik eta 2016an zigor hori baliogabetu zuten arte. Orduko hartan auzitegiak ebatzi zuenez, epaiketan aurkeztutako "frogak oso ahulak" izan ziren. 2019an egin zuten haren kontrako epaiketa berria, eta biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten. 

Pablo Ibar elkarteak salatu duenez, "Aretoak Joe Nascimento abokatuak emandako arrazoi guztiak errefusatu ditu, eta ez du, gainera, epaia justifikatzeko inolako argudiorik eman. Defentsak emandako arrazoietako bati bakarrik heldu dio, Denis Bailey epailearen partzialtasunaren ingurukoari". Ibar biziarteko espetxealdira zigortu zuen epaimahaikideetako batek presioak salatu zituen zigorraren alde bozka zezan. Epaileak kide hori kanporatu eta beste bat jarri zuen haren ordez.

Presoaren defentsaren arabera, Apelazio Auzitegiak gainerako arrazoiak aztertu ez izanak "kalte handia" egin die Auzitegi Gorenera jotzeko aukerei. Hala, gainerako gaien inguruko idatzizko ebazpena ematea eskatu dio epaileari, ondoren Gorenean helegitea aurkeztu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak espero du Pablo Ibarren kasua nazioarteko justizia-estandarretan oinarrituta erabakitzea, haren eskubideak "erabat bermatuak" izan daitezen. Sare sozialen bidez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendari Monika Hernandok "une gogor honetan" Ibar familiari babesa adierazi dio. Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza familiari laguntzen, eta aste honetan bertan bere aitarekin eta abokatuarekin bildu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Gizartea Eguneko albisteak Albisteak