Gizartea -

Haur-pornografia

Portugaleteko Torbe porno zinema ekoizlearen aurkako epaiketa irailaren 25ean hasiko da

Behin-behineko ondorioetan, Fiskaltzak zazpi urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du porno zinemako ekoizlearentzat, ustez grabatu zituen bi adingaberen haur-pornografia banatzeagatik.

Ignacio Allende Torbe porno aktore eta zinemako ekoizle bizkaitarra. Artxiboko irudia: EITB
Ignacio Allende Torbe porno aktore eta zinemako ekoizle bizkaitarra. Artxiboko irudia: EITB
Ignacio Allende Torbe porno aktore eta zinemako ekoizle bizkaitarra. Artxiboko irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Zigor Arloko 27 zenbakiko Epaitegiak irailaren 25erako jarri du Ignacio Allende Torbe porno aktore eta zinemako ekoizle bizkaitarraren aurkako epaiketa hasteko data, haur-pornografia banatzea eta edukitzea egotzita, aldeek ez baitute adostasunik lortu zigorren inguruan.

Epaileak data hori ezarri du auziko aldeak bi aldiz bildu ondoren: lehena, uztailaren 10ean, epaiketa hastea aurreikusita zegoenean, eta bigarrena, gaur.

Helburua zen hiru auzipetuen eta Fiskaltzaren arteko balizko adostasuna baloratzea, edo etorkizuneko epaiketaren gidoia birformulatzea, hori azkartzeko.

Akordiorik lortu ez ostean, epaileak 2023ko irailaren 25erako iragarri du epaiketaren hasiera, Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek baieztatu dutenez.

Iturri juridikoek EFEri zehaztu diotenez, litekeena da Portugaleteko (Bizkaia) aktoreak eta beste bi akusatuetako batek, Francisco Jose M.L.k, Fiskaltzarekin adostasuna lortzea, eta, beraz, gertakariak onartuko lituzkete zigorrak murrizteko, nahiz eta hori baieztatzeko dagoen.

Behin-behineko ondorioetan, Fiskaltzak zazpi urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du porno zinemako ekoizlearentzat, ustez grabatu zituen bi adingaberen haur-pornografia banatzeagatik.

Bestalde, herri-akusazioak zortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Torbe-rentzat, eta bi urtekoa Francisco Jose M.L.rentzat. Manuel Merino abokatuak zuzendu du akusazio hori, Internetek eta Teknologia Berriek Kaltetutakoen Elkartearen (Anfitec) izenean. Gertakariak 2015eko urriaren 21ean jazo ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete Delituak albisteak Epaiketak Gizartea Zinema Eguneko albisteak Albisteak Madril Nerabezaroa albisteak