Gizartea -

ASTE NAGUSIA 2023

17 atxilotu, horietako bi ukituengatik eta bederatzi lapurretengatik, Aste Nagusiko zazpigarren gauean

Bestalde, Bilboko Konpartsek oharra kaleratu dute Aburtok Udaltzaingoaren "matonismoari" ez diola aurre egiten salatuz eta "poliziaren indarkeria ukatzea" leporatuz.

Euria atzo gauean, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Euria atzo gauean, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Euria atzo gauean, Bilbon. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 17 pertsona atxilotu dituzte Bilboko Aste Nagusiko zazpigarren gauean. Besteak beste, bi ukituengatik, bederatzi lapurreta eta ebasketengatik eta beste bi droga-trafikoagatik, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Euria egin duen arren, jendetza bildu da gaur gauean ere Bilbon eta 06:00ak aldera arte ez da jendea gutxitzen hasi. Areatzako eta Arriagako txosnetan ibili da jenderik gehien.

Atzo, Radio Euskadin elkarrizketatuta, Juan Mari Aburtok esan zuen ia % 50 egin du gora atxilotuen kopuruak iazko datuekin alderatuta. Hala ere, alkateak azpimarratu zuen hori ez dela krimenen hazkundeagatik, baizik eta polizia kopuru handiagoa eta segurtasun-dispositibo gehiago daudelako. "Udalak izugarrizko ahalegina egin du inoizko plantillarik handiena izateko, hori baita herritarren kezka nagusietako bat", esan zuen Aburtok. Guztira, 900 udaltzain ari dira lanean Aste Nagusian herritarren segurtasuna bermatzeko.

Hori bai, txosnetan pixa egiten harrapatu zituzten zerbitzuz kanpo zeuden bi udaltzainen inguruan izandako gertakaria baieztatu zuen, eta zigortu egingo dituztela esan zuen, "diziplina-espediente bat izango dute".

Horren harira, gaur Bilboko Konpartsek oharra kaleratu dute Aburtok Udaltzaingoaren "matonismoari" ez diola aurre egiten salatuz eta "poliziaren indarkeria ukatzea" leporatuz.

Aburtok, azkenean, udaltzainen gertakaria onartu zuela nabarmendu dute, baina gogor deitoratu dute "agenteen erantzukizuna txosna batean txiza egitera mugatu izana, konpartsek larrien jotzen duten gertakaria alde batera utzita: konpartsakideei eraso eginez borroka bat sortzea eta Udaltzaingoa euren babeserako erabiltzea". "Pozik gaude alkateak gogoz kontra bada ere, onartu duelako gure salaketa egiazkoa zela, baina alderik larriena ukatu du: poliziaren indarkeria", adierazi dute konpartsek. "Borroka batean, polizia izateagatik zure lankideak guardia pretoriar gisa erabiltzea, zerbitzu publiko baten erabilera pribatibo bortitza da", salatu dute.

Horregatik, "kasu honetan biolentoen matonismoari eta korporatibismoari aurre egiteko gai izan ez izana" aurpegiratu diote Bilboko alkateari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Ertzaintza Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Sexu erasoak