Gizartea -

EPAIKETA

Gaur hasiko da Torberen aurkako epaiketa, ustez bi adin txikikoren irudiak grabatu eta zabaltzeagatik

09:30etik aurrera, haur-pornografia banatzea eta edukitzea eta sekretuak ezagutaraztea egotzita epaituko dute. Iturri judizialek jakitera eman dutenez, Torbek leporatzen zaizkionak onartzea aurreikusten da, Fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren, zigor arinagoa jasotzeko.

Ignacio Allende 'Torbe', artxiboko irudi batean
Ignacio Allende 'Torbe', artxiboko irudi batean
Ignacio Allende 'Torbe', artxiboko irudi batean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Allende Torbe porno zinema ekoizlearen kontrako epaiketa 09:30ean hasiko da, Madrilgo Zigor-arloko Epaitegian. Zabaldutako informazioaren arabera, bideokonferentzia bidez deklaratuko du eta leporatzen zaizkionak onartuko ditu, Ministerio Publikoarekin akordioa lortu ondoren. Haur-pornografia banatzea eta edukitzea eta sekretuak ezagutaraztea egozten dizkiote. Fiskaltzak 7 urte eta 7 hilabeteko zigorra eskatzen du portugaletetarrarentzat, baina akordioari esker, baliteke kondena nabarmen murriztea eta espetxera sartu beharrik ez izatea.

Leporatzen zaizkion delituak 2012an eta 2015ean izandako bi gertakarirekin daude lotuta. Bi kasuotan, Torbek adin txikikoen irudi pornografikoak grabatu, gorde eta zabaldu zituen, Fiskaltzaren arabera.

Gaur hasiko den epaiketan, halaber, beste bi pertsona ere epaituko dituzte. Horietako batek ere, delituak aitortu eta Fiskaltzarekin akordioa lor dezakeela uste dute. Horrela, hirugarrenarekin jarraituko luke epaiketak aurrera.

2016an atxilotu zuten zinema ekoizlea, pornografia zabaltzea, gizakien salerosketa, kapitalak zuritzea eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak leporatuta. Espetxeratu egin zuten, behin-behinean, eta handik 6 hilabetera utzi zuten aske, 100.000 euroko fidantza ordaindu ondoren.

Lau urte baino gehiago iraun duen ikerketaren ostean, haur-pornografia banatu eta edukitzeagatik eta sekretuak ezagutarazteagatik eseriko da epailearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete Delituak azken ordukoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Haurtzaroa albisteak