Gizartea -

EPAIA

7 urteko espetxe-zigorra ezarri diote iazko martxoan, Iruñean, emakume bat bortxatu zuen gizonezkoari

Epaiak jasotzen duenaren arabera, gizonezkoak 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Zigorraren erdia espetxean bete behar izango du, eta ondoren, Espainiatik botako dute.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak 7 urteko espetxe-zigorra ezarri dio 2023ko martxoan Iruñean emakume bat bortxatu zuen gizon bati, sexu-erasoa egitea egotzita.

Epaiak jasotzen duenez, zigortuak ezin izango du biktimarekin 500 metro baino gutxiagora hitz egin, ezta harengana hurbildu ere hurrengo 15 urteetan, eta 7 urtez zaintzapeko askatasun-neurria bete beharko du.

Zazpi urteko espetxe zigor horretatik, denboraren erdia espetxean egon beharko duela adostu dute aldeek. Gainerako zatia, Estatutik kanporatzearekin ordezkatuko da. Ezin izango da Espainiar estatura itzuli datozen hamar urteetan. 

Kondenatuak, gainera, 20.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio biktimari, eragindako kalte moralagatik.

Gertakariak 2023ko martxoaren 19an izan ziren, goizaldeko 2:30etan, akusatua San Jorge auzoko taberna baten inguruan zegoela. Auzipetua emakume batekin hizketan hasi zen. Epaiaren arabera, alkohola edatearen ondorioz, emakumea nekatuta zegoen, eta gizonak etxera eramateko bere burua eskaini zion. 

Gizonak hainbat kaletan zehar eraman zuen, Trenbide kalearen eta Santa Luzia pasealekuaren arteko elkarguneraino. Han, landa eremu batean, eta zuhaitz handi baten azpian, auzipetuak emakumea bultzatu zuen, eta bertan birritan bortxatu.

Emakumea ihes egiten saiatu zen, eta laguntza eskatu zuen behin eta berriz, baina gizonezkoak ahoa estali zion inork entzun ez zezan. Sexu-erasoaren ondorioz, emakumeak lesioak izan zituen buruan, lepoan, enborrean, ukondo batean, esku batean eta belaun batean. Ginekologia-lesioak ere izan zituen. Era berean, laguntza psikologikoa jasotzen ari da gertakariak direla eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Epaiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak