Gizartea -

Memoria historikoa

Gerra zibileko 14 gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian

Hilerri horretako indusketaren bigarren faseko lehen emaitzak dira. Lehenengo fasean, 2023ko abenduan, Zornotzatik gertu zeuden gerra-fronteetan hildako 54 gudariren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik.

Lurpetik ateratzeko lanen ondoren, identifikazio-prozesuari ekingo diote.
Lurpetik ateratzeko lanen ondoren, identifikazio-prozesuari ekingo diote.
Gerra zibileko 14 borrokalariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian

0:41

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dagoeneko 14 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako (Bizkai) hilerrian, eta aztarnek adierazten dute herriko Odol Ospitaletik edo zuzenean inguruko gerra fronteetatik eramandako gudarien eta milizianoen gorpuzkiak direla, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jakitera eman duenez.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria hilerrira hurbildu da astearte honetan, desobiratze lanak jarraitzeko, eta berarekin batera izan dira Espainiako gerra zibilean desagertutako pertsonen hainbat familia.

Ezenarrok azaldu duenez, aste honetan egiten ari diren bigarren faseko desobiratze lanek aurrera egin ahala, hobian lurperatutako biktimen gaineko informazio gehiago izango da.

Lehenengo fasean, 2023ko abenduan, 54 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ziren. Kasu horretan, gorpuzkien analisian eta hobian aurkitutako materialean oinarrituta, hipotesia da gorpuzkiak Zornotzatik gertu dauden gerra fronteetan hildako borrokalarienak direla, hala nola Bizkargin hildakoenak edo Zornotzako ospitale militarrean hil ziren borrokalarienak.

Gorpuak lurpetik ateratzeko lanen ondoren, eta identifikazio prozesuari bide emateko, Gogora Institutua inguru horretan desagertutakoen 35 familiarekin harremanetan jarri da iazko abendutik, eta dagoeneko horietako 17ren DNA lagina lortu du, identifikatu ahal izateko.

Gogora institutuaren helburua da profil horrekin bat datozen desagertuen ahalik eta familia gehienekin harremanetan jartzea, hau da, inguruko gerra fronteetan edo Zornotzako ospitale militarrean hildakoak, non lurperatuak izan ziren jakin gabe. Horretarako, dei egin die berriro desagertutakoen familiei, institutuarekin harremanetan jar daitezen eta, horrela, balizko identifikaziora eraman dezakeen prozesua has dezaten.

Lehen zein bigarren faseetan, gorpuak lurpetik ateratzeko lanak Zonortzako hilerriko eremu mugatu batean egiten dira. Eremu hori bere horretan mantendu da urte hauetan guztietan, eta dokumentazio historikoak adierazten zuen gerran hildako pertsonak lurperatu zirela bertan.

Gogora institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen gerra zibileko desagertuak bilatzeko programaren barruan dago esku hartzea, eta Zornotzako Udalaren laguntza du. Identifikazio genetikorako beharrezko lanak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Biomics laborategiarekin egiten dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zornotza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Gogora