Gizartea -
Indarkeria matxista
Iaz baino % 56,5 emakume gehiagok jasan dituzte sexu erasoak Euskadin, otsailera arte
Familia barruko indarkeria pairatu duten emakumeen kopuruak ere gora egin du (% 21,6). Bestalde, 697 emakumek (2023an baino % 16 gehiago) salatu dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sexu askatasunaren kontrako delituen biktima izateagatik, guztira, 119 emakumek jarri dute salaketa 2024ko lehenengo bi hilabeteetan, iazko denbora tarte berean baino % 56,5 gehiagok, Emakundek zabaldutako datuen arabera.
Araban izan dute sexu erasoek igoerarik nabarmenena, % 100ekoa, 7tik 14ra igo baitira. Gipuzkoan, % 59,4 hazi dira (37 izan ziren 2023an, eta 59 izan dira urtebete geroago), eta Bizkaian, berriz, % 43,7 (32 kasutik 46ra).
Familia barruko indarkeria pairatu duten emakumeen kopuruak ere egin du gora (% 21,6). Hain zuzen ere, 180 emakumek jasan dituzte erasoak 2024ko urtarrilean eta otsailean; 148k, 2023ko bi hilabete horietan.
Bestalde, 697 emakumek (iaz baino % 16 gehiago) salatu dituzte bi hilabete horietan bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak.
Orotara, 996 emakume (166 Araban, 493 Bizkaian eta 337 Gipuzkoan) izan dira indarkeria horien biktima 2024. urtearen hasieran.