Gizartea -

Eguraldia

Bero eta eguzkitsu dator asteburua

Tenperaturek gorako bideari ekingo diote gaur, eta asteburuan, maximoak 25 °C-tik gora errendituko dira denean. Kostaldean, iparraldeko haizearen ondorioz, giroa apur bat freskoagoa izango da.

Zerua urdin-urdin ikusiko dugu asteburuan. Argazkia: Itziar Alberdi
Eguzkitsu Ondarroan.
Zerua urdin-urdin ikusiko dugu asteburuan. Argazkia: Itziar Alberdi

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda beteko eguraldia nagusituko da asteburuan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako eguraldi iragarpenaren arabera. Eguzkia izango da protagonista zeru gainetan, eta tenperatura goxoak izango dira nonahi, 25 ºC-tik gorakoak. 

Gaur, ostirala, tenperatura maximoen gorakada izango da aipagarriena. Hotzetik hasi dugu eguna (3 ºC-ko minimoak izan dituzte Gasteizen, eta 11koak Bilbon), baina eguzkiak berotu ahala, gorako bidea hartuko du termometroak. Barnealdean, eguneko beroenak 25-30 ºC-koak izango dira, eta itsasertzean, berriz, brisa dela eta, balio apalagoetan geldituko dira, 20 eta 24 ºC artean. Hortaz, anplitude termikoa (tenperatura minimo eta maximoen arteko aldea) esanguratsua izango da barnealdean. Itsasoko tenperatura 13-14 ºC-ren bueltan dabil.

Larunbatean, ildo beretik jarraituko du aroak. Giro argia izango da nagusi, eta barnealdean bero egingo du arratsaldean. Goizean goizetik, oskarbi egongo da, eta egunaren lehenengo zatian, haizeak hego ukitu txiki bat izango du, eta barnealdeko leku askotan 30 ºC-ra gerturatuko dira maximoak. Itsasertzean, aldiz, eguerditik aurrera haizea ipar ipar-mendebaldetik finkatuko da, eta giroa freskoagoa izango da arratsaldean. Gainera, haize horrekin, baliteke kostaldean behe-hodei batzuk agertzea arratsalde partean.

Aldaketa handirik ez da espero iganderako. Goizean goizetik, eguzkitsu egongo da, oskarbi leku gehienetan, eta kostaldean baliteke hodeigune batzuk agertzea. Arratsaldeak aurrera egin ahala, baina, ipar partean, batez ere kostaldean, hodeiak ugarituz joango dira. Haizea ahul ibiliko da, baina ipar ukitu txiki batekin, eta, ondorioz, maximoak itsasertzean baliteke gradu pare bat beherago gelditzea (24 gradu espero dira Donostian, eta 23, Baionan). Barnealdeko leku gehienetan, berriz, aurreko eguneko balio berdintsuetan geldituko dira beroenak, 25 ºC-tik gora.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Udaberria