Gizartea -

Epaiketa Nafarroan

Lizarran bi ume zuhurtziagabekeriaz hiltzea egotzitako autobus gidariak berretsi du galgak huts egin ziola

Haren kontrako epaiketaren bigarren egunean deklaratu du auzipetutako gizonak. Adierazi duenez, goizean jabetu zen balazta ez zebilela ondo, eta enpresako tailerrera eraman zuen. Ez omen zuten konpondu. Adituen txostenen arabera, ordea, gidariak azeleragailua sakatu zuen, galga beharrean.

Horrela geratu zen autobusak harrapatutako autoa. Artxiboko argazkia: EFE
Horrela geratu zen autobusak harrapatutako autoa.
Lizarran 2020an bi haurren heriotza eragin zuen autobus istripuko epaiketan egun klabea izango da gaurkoa

0:33

EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegian abian da Lizarran, duela lau urte, 5 eta 8 urteko bi anaia-arreba zuhurtziagabekeriaz hiltzeagatik auzipetutako autobus gidariaren kontrako epaiketa. Hain justu, txoferrak deklaratu du, eta 2020an emandako bertsioa berretsi: autobusaren balazta ez zebilen ondo, eta horrek eragin zuen zorigaiztoko ezbeharra. 

Akusatuak, M.L.R. 36 urteko iruindarrak, "galgarik ez" zuela oihukatu zuen istripuaren unean, eta bidaiariei "euren burua babesteko" eskatu zien. Dena dela, gerora egindako adituen txostenen arabera, autobusak ez zuen matxurarik eta, balazta beharrean, azeleragailua sakatu zuen gidariak.

Fiskaltzaren arabera, gidaria arinegi (61 km/h-an) zihoan istripua jazo zen lekuan, Carlos VII kalean (40 km/h-koa da gehienez), ibilgailuaren kontrola galtzeraino. Txostenaren arabera, ez zituen autobusak gelditzeko galgak modu egokian erabili. 

Hori horrela, Fiskaltzak bi hilketa delitu eta lesio larriengatik beste bi egotzi dizkio akusatuari, biak ala biak zuhurtziagabekeriaz egindakoak. Hori horrela, 3 urteko eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, baita gidabaimena sei urtez kentzeko. Halaber, hildako adingabeen gurasoentzako eta istripuan harrapatutako oinezko batentzako kalte-ordainak ere zehaztu ditu. 

Aparkatutako autoen kontra jo zuen, autobusa geldiarazi nahian

Txoferrak azaldu duenez, egun hartan goizean goizetik jabetu zen autobusak ez zuela behar bezala frenatzen, ABS argiak piztuta zituela. Eguerdian La Estellesa enpresaren tailerrera eraman zuen ibilgailua, baina han konpondu ez, eta argitu du arratsaldean berriro hartu behar izan zuela autobusa, Logroño eta Iruña arteko zerbitzua egiteko. 

Lizarrara abiadura handian sartu zela adierazi du, eta hirigunean abiadura horretan ibili ezin zela jakitun, autobusa gelditu nahian, aparkatuta zeuden autoen kontra jo zuela. Muturreko egoera batean erabakiak hartu behar izan zituela erantsi du. 

La Estellesako bi gidarik deklaratu zuten atzo

Epaiketa atzo hasi zen. Zendutako bi umeen gurasoek, autobuseko bidaiariak, harrapatutako oinezkoa eta La Estellesa autobus konpainiako bi gidarik deklaratu zuen. 

Senar-emazteek azaldu zutenez, Logroñora joan ziren bizitzen, "jasangaitza" zitzaielako ezbeharraren lekutik igarotzea. Emakumearen arabera, "autobusa obus baten abiaduran" ikusi zuen bere kontra etortzen. 

Bestalde, bi autobus gidariek argitu zuten ez zutela autobusaren galgarekin arazorik izan. Dena dela, aitortu zuten argitxo bat pizten zitzaiola, eta mekanikoak jakinaren gainean zeudela. Euren hitzetan, autobusa "beste batzuk baino zaharragoa zen", gidatzeko zailagoa, eta besteak beste, balaztaren pedala "apur bat gogor" zuela nabarmendu zuten. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskal Herrian Nafarroa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra Umeak albisteak gaur Trafiko istripuen biktimak