Mundua -

Krisia Ukrainan

Ukraina, gerra zibiletik gero eta gertuago

Ban Ki Moonek baztertu egin du Nazio Batuen tropak Ukrainara bidaltzea, 'une honetan' ekintza hori ez litzatekeela praktikoa izango argudiatuta.

Argazkia: EFE
Ukrainiako gobernuak operazio militarra martxan jarri du ekialdean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina gerra zibilaren atarian dagoela ohartarazi dio Vladimir Putin Errusiako presidenteak Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari, Ukrainako Gobernuak herrialdearen ekialdean operazio militar bat abiarazi eta gero.

Errusiako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, Ukrainako egoeraz eta bertako Gobernuak ekialdeko protestak bertan behera uzteko indarra erabiltzeko egindako hautuaz hitz egin dute Putinek eta Merkelek.

Putinen arabera, gatazkak azken egunotan izan duen bilakaera ikusita, "Ukraina gerra zibilaren atarian dago".

Ostegunean Errusia, Ukraina, AEBetako eta Europar Batasuneko ordezkariek bilera egingo dute Genevan, eta aipaturiko batzarrak Ukrainako gatazka bakebidean jartzea espero dute Errusiak eta Alemaniak.

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak nazioarteko komunitateari Kieven agintarien aldetik Ukraina ekialdean indarraren erabilera gaitzestea eskatu dio, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiarekin telefonoz izandako hizketaldi batean.

Ban Ki-moonek NBEn tropak Ukrainara bidaltzea baztertu du

Ban Ki-Moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak baztertu egin du NBEn tropak Ukrainara bidaltzea, bide hori "une honetan" ez litzatekeela baliagarria argudiatuta. Halaber, Ukrainara soldaduak bidaltzeko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren onespena beharrezkoa dela nabarmendu du.

Ukrainako krisiak erregioan ez ezik mundu mailan ondorioak dituela adierazi du Ban Ki-Moonek. "Nazio Batuen Erakundeko Gutuneko oinarrizko printzipioekin zerikusia du. Lurralde batasuna eta subiranotasuna errespetatu egin behar dira eta ez dira erasotu behar. Hori da nazioarteko komunitateari eskatzen ari natzaiona, bereziki, gatazkan nahastutako aldeei.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko soldaduak Ukrainara bidaltzeko Segurtasun Kontseiluaren onespena beharrezkoa dela adierazi du: "Segurtasun Kontseiluaren agindurik eta baimenik gabe ezin dut inolako erabakirik hartu". Errusia Segurtasun Kontseiluko kide da eta betoa jartzeko aukera dauka bertan.

Ukrainako ekialdean bizi den egoerarekin kezkatuta agertu da Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia, eta tentsioa murrizteko eskakizuna egin die aldeei.

Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egin du Ban Ki-moonek. "Egoera oso aldakorra" dela ohartarazi du NBEko idazkari nagusiak. "Krisiak okerrera egiten badu oso kaltegarria" izan daitekeela erantsi du Banek, bere bozeramaileak agiri batean azaldu duenez.

Operazio militarra Ukraina ekialdean

Ukrainako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez, Indar Armatuak "operazio berezi" bat egiten ari dira Kramatorks hirian, errusiarren aldeko aktibisten presentzia handia dago bertan.

Hainbat pertsona hil dira astearte honetan, ukrainarren eta Errusiaren aldeko milizien artean izandako borrokaldietan, Kramatorsk hiriko aerodromoan, Donetsken.

"Bai, hildakoak daude", azaldu dio Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek UNN agentziari.

Kramatorskeko aerodromoa berreskuratu dute

Bestalde, Oleksander Turchinov Ukraniako bitartkeo presidenteak iragarri duenez, Ukrainako indarrek Kramatorskeko aerodromoaren kontrola berreskuratzea lortu dute, Errusiaren aldeko aktibistek hartu ostean, Interxak agentziaren arabera.

Hainbat tiroketaren ostean, Ukrainako soldatuak aerodromoan sartu eta kontrola hartu dutela jakinarazi dute hainbat komunikabidek. Erasoan lau pertsona hil direla azaldu du Errusiako prentsak, baina ez dago Ukrainako Gobernuaren baieztapen ofizialik.

Terrorismoaren aurkako operazioa, Slaviansken ere

Ukrainako Segurtasun Zerbitzuk Slavianken, herrialdearen ekialdean, terrorismoaren aurkako beste operazio bat martxan dela berretsi du.

Halaber, Ukrainako Armadako blindatutako hogei bat ibilgailuko konboi bat eta 500 soldadu sartu dira astearte hoentan Slaviansken, Itar-Tass eta Interfax Errusiako agentziek jakitera eman dutenez.

Moskuk "kezka sakona" erakutsi du

Errusiako Kanpo Arazoetako Ministerioak "kezka sakona" erakutsi du Ukraina ekialdean izan diren biktimen informazioen inguruan. Armadak operazio berezia jarri du martxan, gutxienez bi lekutan.

AEBetak Ukrainaren "babesa" nabarmendu du egoera "arriskutsuaren" aurrean

AEBak Ukrainako armadak erakutsitako "babesaren" alde azaldu dira, egoera "arriskutsuaren" aurrean, bereziki herrialdearen ekialdean. Halaber, Kievera armamenturik ez bidaltzea aurreikusi dutela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea