Mundua -

Lurrikararen ostean

Nazioarteak laguntza eta erreskate taldeak bidali ditu Nepalera

Frantziak, Israelek, Venezuelak, Japoniak… herrialde askok iragarri dute dagoeneko bidali edo gutxi barru bidaliko dutela, lurrikarak eragindako kalteak konpondu eta arintzeko.

Pakistanen, laguntza humanitarioa hegazkinean sartzen. Irudia: EFE
Pakistanen, laguntza humanitarioa hegazkinean sartzen. Irudia: EFE
Pakistanen, laguntza humanitarioa hegazkinean sartzen. Irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioartea hasi da dagoeneko erreskate taldeak eta laguntza humanitarioa Nepalera bidaltzen, orduek aurrera egin ahala hildakoen kopurua biderkatzen den honetan.

Indiako (bertan 50 hildako baino gehiago izan dira) Armadako zenbait gudari Katmanduko kaleetan dira jadanik, erreskate lanetan laguntzen, eta sei bat helikoptero indiar ere bertan daude, Efek baieztatu ahal izan duenez.

Pakistanek, halaber, lau C-130 Hercules hegazkin bidali ditu, sendagaiekin eta medikuekin. Gainera, kanpaina ospitalea, erreskateetan adituak eta elikagaiak ere helarazi ditu, Asim Bajwal Armadako harreman publikoetarako bozeramaleak Twitter bidez zabaldu duenez.

Frantziako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren esanetan, lehen mailako produktuak eta 11 soroslek osatutako talde bat bidali dituzte, erreskateetan lagun dezaten eta aurreratu du baliabideak handituko dituela, bertoko agintariek eta GKEek eskatzen dutenaren arabera.

Espainiako Gobernuak, bestalde, Aireko Armadako Airbus 310 hegazkina bidaliko du lurrikara izan den gunean topatutako espainiarrak herrialdetik ateratzeko.

Txinak, era berean, 40 adituk osatuko duten taldea bidaliko du, Askapenerako Herri Armadaren egunkarian plazaratu dutenez. Hildakoetako batzuk txinatarrak ziren.

Katmanduar herritarra, itxitako etxe baten atarian. Irudia: EFE

Katmanduar herritarra, itxitako etxe baten atarian. Irudia: EFE

Suitzako Gobernuak esan du giza laguntzan aditua den talde suitzar bat abiatu dela gaur Nepalera terremotoak eragindako kalteak ebaluatzeko eta beharrizan larrienak zehazteko.

Japoniak, bere aldetik, hondamendiei aurre egiteko operazioetan adituak bidaliko ditu; zehatz-mehatz, 70 lagun, polizien, suhiltzaileen eta kostazainen artean.

AEBko Gobernuak iragarri duenez, "berehala" bidaliko dute 70 laguneko aditu talde bat eta milioi dolar bateko diru-laguntza, hasteko.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren esanetan, "Nazio Batuak Nepalgo Gobernua lagutnzen ari dira nazioarteko bilaketa eta erreskate operazioetan, eta laguntza berezi bat antolatzeko prestatzen ari dira".

Justine Greening Nazioarteko Kooperazio ministro britainiarrak ere, gainera, zortzi adituk osatutako taldea bidaliko dutela ziurtatu du.

Agintari israeldarrek ere erreskate eta bilaketa taldeak bidaliko dituzte, hango hedabideek zabaldu dutenez.

Gainera, kanpaina ospitalea eraikiko du bertan, zaurituak artatzeko.

Eraitsitako eraikinak dauden lekura pasatzea debekatuta, Nepalgo hiriburuan. Irudia: EFE

Eraitsitako eraikinak dauden lekura pasatzea debekatuta, Nepalgo hiriburuan. Irudia: EFE

Europar Batasunak (EB) iragarri du hiru milioi euro helaraziko dizkiola Nepali, laguntzeko. "Europako Batzordeak hiru milioi euro emango ditu, Nepalen lurrikarak eragindako txikizioari erantzuteko", igarri du erakundeak ohar baten bidez.

Iragarritako laguntzari EBko kide diren herrialdeek dagoeneko bidalitako laguntzari gehitu behar zaio, hau da, erreskateetan adituak eta babes zibileko kideak.

"Medikuak eta osasun arreta eskaintzeko materiala falta dira", adierazi du Christos Stylianides Europako Giza Laguntza eta Krisien Kudetaketarako komisarioak. "Europako erantzun koordinatuarekin bat egiteko eskatzen diet Europar Batasuneko herrialdei", gaineratu du.

Belgikaren partez, bilaketan aditu talde bat eta txakur arakatzaileak joango dira gaur, igandea, bizirik jarraitzen duten herritarrak topatzen laguntzeko.

'B-Fast Taldea' suhiltzaileetako, babes zibileko zerbitzuetako eta Armadako 43 lagunek osatzen dute, bi medikuez eta lau erizainez gain, Le Soir egunkariak publikatu duenaren arabera.

Erreskate taldea gaur irtetekoa da eta, harekin batera, elikagaiak, sendagaiak, kanpaina dendak eta zakur talde bat ere helaraziko dizkiete Nepalgo herritarrei, "hondakinen artean dauden pertsonak aurkitzeko".

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Babes Zibileko taldeak eskaini ditu laguntzeko, horiek baitira hango laguntza talde nazionalak.

"Venezuelatik Ram Baran Yadav presidentearen Gobernuko eskuetan utziko ditugu Babes Zibileko taldeak, horren moduko egoerek eskatzen duten kooperazioa izan dezaten", esan du Madurok.

Horren ildotik, Kolonbiako eta Panamako Gobernuek ere laguntza eskaini diote Nepali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Lurrikara Nepalen