Mundua -

Enbaxadaren irekiera

AEBko bandera jaso dute Kuban, 54 urteren ostean

John Kerry esan duenez "etxean legez" sentitzen da ofizialki gaur ireki den Habanako Estatu Batuetako enbaxadan.

AEBetako enbaxada zabaldu dute Kuban

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Estatu-idazkaria, John Kerryk dagoeneko igo du Estatu Batuetako bandera Habanako enbaxada ireki berrian. Modu horretan bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoen normalizazio-prozesuari nolabaiteko amaiera eman diote.

Kerryk esan duenez "etxean legez" sentitzen da ofizialki gaur ireki den Habanako Estatu Batuetako enbaxadan. "Gaurko eguna hesi zaharrak albo batera uzteko eguna da, eta aukera berriak aztertzekoa", gaineratu du bandera igo aurretiko hitzaldian.

''Harreman arruntak lortzeko bidea luzea da, baina horrexegatik, hain juxtu ere, hasi behar dugu oraintxe. Ez dago zeri beldurra izan behar'', gaineratu du.

Kerryren bisita historikoa da, duela 54 urte herrialde biek harremanak bertan behera utzi zituztenetik. Iparramerikako diplomaziaren burua goizeko 9:00etan lurreratu da (13:00 GMT) Estatu Departamentuko hegazkin batean. Jaitsi denean, Estatu Batuetako enbaxadako negozio-arduradunak (Jeffrey DeLaurentis) eta Kubako kantzelaritzako ordezkariek egin diote harrera.

Kerry 70 urteren buruan Kubara heltzen den lehendabiziko AEBko Estatu-idazkaria da. Uhartean dago bere enbaxada modu formalean irekiko duen ekitaldian parte hartzeko, nahiz eta uztailaren 20tik martxan dagoen, Barack Obama eta Raúl Castro presidenteek aldebiko hurbiltzea egiten ari zirela jakinarazi ostean.

AEBko diplomaziaren bisitaldia adiskidetze-testuinguru batean murgilduta gertatzen ari da, bi gobernuek mende erdiko etsaitasuna atzean uzten saiatzen ari baitira. Gainera, urrats sinboliko gisa ikusia da, uztailean berrezarri ziren harremanak bere onera itzultzeko azken xedearekin.

Habanan emango dituen 10 orduetan Suitzako bere homologoarekin (Didier Burkhalter) bildu da Kerry, herrialde hori Washingtonek uhartean zituen interesen defentsan aritu delako, 1961ean harremanak hautsi zituztenetik.

Horrez gain, Kerry Jaime Ortega kardenalarekin batzartu da, baita Bruno Rodríguez kantzelariarekin ere. Azken horrekin batera prentsaurreko bat eman du, eta Estatu Batuetako banderaren bi igoera zuzendu ditu.

Ikusmin handia

500 bat berriemaile bilduko dira, eta atzerriko komunikabide askok ekitaldi horren berri bertatik bertara emateko espresuki bidali dituzte kazetariak; gehienak, Ameriketako Estatu Batuetakoak.

Enbaxadaren barruan, zeremonia ofiziala lorategian egingo dute Estatu Departamentuaren ikurrarekin jantzitako oholtzaren gainean. Kerryk hitzaldia emango du bertan, Larry Morris, Mike East eta Jim Tracy marineek 1961ean bandera jaitsi zuten hagaren alboan. 54 urte geroago, berriro altxatuko dute.

AEBk Kubari milioiak zor dizkiola esan du Fidel Castrok

Uhartearen aurkako politikak eragindako kalteagatik AEBk Kubari milioiak zor dizkiola esan zuen Fidel Castrok ostegunean argitaratutako artikulu batean. Kubako buruzagi ohiak 89 urte bete zituen Kerryren bisitaren bezperan.

Fidel Castro Nicolas Maduro Evo Morales efe

Fidel Castro Kubako buruzagi ohia, Evo Morales eta Nicolas Maduro Bolivia eta Venezuelako presidenteekin. Argazkia: EFE

?Errealitatea eta ametsak? izeneko artikuluan, ?azalaren kolorea edo jaioterria kontuan izan gabe?, ?bakearen eta gizaki guztien ongizatearen aldeko borrokan? sekula etsiko ez duela adierazi zuen Fidel Castrok.

Washingtonekin hasi berri duten garai berria eta Kerryren bisita ez zituen aipatu Fidel Castrok artikuluan. Baina Bigarren Mundu Gerran Japoniaren aurka bonba atomikoa jaurti ondoren, ?hildakoz, zaurituz eta gosetiz beteriko mundu birrindu batean?, AEB ?Lurreko herrialderik aberatsena eta armatuena? izatera pasatu zela azpimarratu zuen Kubako buruzagi ohiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko azken ordukoa Kuba