Mundua -

Frantzia

Hollande: 'Thalyseko bidaiarien ausardiak sarraskia saihestu zuen'

"Egoera dramatikoetan egin ahal denaren eredua eman zuten", esan du Frantziako presidenteak bidaiari horien gainean, herrialdeko saririk gorena eman dienean.

Omenaldia jaso duten Thalyseko bidaiariak. Argazkia: EFE.
Omenaldia jaso duten Thalyseko bidaiariak. Argazkia: EFE.
Hollande: 'Thalyseko bidaiarien adoreak sarraskia sahiestu zuen'

00:59

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollande Frantziako presidenteak Amsterdam-Paris ibilbidea egiten zuen Thalys abiadura handiko treneko bidaiarien ausardia eskertu du; izan ere, Estatu Batuetako hiru hiritar eta Erresuma Batuko beste batek "sarraskia, triskantza" saihestu zuten tren horretan, bertan erakutsitako adoreaz.

Lau bidaiari horiek eta anonimo izaten jarraitu nahi duen frantziarrak "egoera dramatikoetan egin ahal dena erakutsi zuten", esan du Hollandek Eliseo Jauregian, Frantziako saririk gorena (Ohorezko Legioko zaldunaren intsignia) emateko ekitaldian.

Ustezko terrorista Marokoko Ayoub El Kahzzani da, 26 urtekoa. Bruselan igo zen trenera, Kalashnikov fusil bat, bederatzi kargagailu, pistola automatiko bat eta "cutter" bat zeramatzala, eta bi lagun zauritu zituen bidaiari horiek mendean hartu aurretik. Horiei esker atxilotu zuten.

"Askorentzat eredu, inspirazio-iturri"

"Zuen heroismoak askorentzat eredu izan behar du, inspirazio-iturri. Terrorismo izena duen eta gure aurrean dagoen gaitz baten aurka, ongia ere badago, gizatasunarena; hori da, hain zuzen, zuek irudikatzen duzuena", esan du estatuburuak.

Ostiraletik, haren ustez, Frantzia osoak miresten du Spencer Stone, Alek Skarlatos eta Anthony Sadler estatubatuarren eta Chris Norman britainiarraren odol hotza. Frantziako Presidentetzaren egoitzan egon dira laurak, euren familiako kide batzuekin batera.

Hollandek, halaber, terroristarekin gurutzatu zen lehen bidaiariaren parte-hartzea goraipatu du (frantziarra da), eta Lillen ospitaleratuta dagoen frantziar-estatubatuarra ere gogorarazi du. Horiek biek etorkizunean jasoko dute sari hori.

Norberaren erantzukizuna

Presidentearen esanetan, gertatutakoak erakutsi duenez, "erasoen aurrean beti egin behar da zerbait"; botere publikoek dute lehen ardura, baina, Estatuak hartu beharreko neurriez gain, "norberaren erantzukizuna ere badago".

"Egin behar nuena egin nuen", esan du gaur omendu dituzten bidaiarietako batek, britainiarrak. Horren ustez, "ohore handia da" saria jasotzea, eta aurrerantzean horrek erakusten duenari ohore egiten saiatuko dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia François Hollande