Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Bi urtean 15.000 errefuxiatu hartzea eskatu dio Bruselak Espainiari

Italian, Grezian eta Hungarian dauden beste 120.000 errefuxiatu hartzea eskatuko die Europako Batzordeak Europako gobernuei.

Errefuxiatuak Alemanian. Argazkia: EFE
Errefuxiatuak Alemanian. Argazkia: EFE
Milaka errefuxiatu daude Europa erdira eta iparraldera heldu zain

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren bi urteetan beste 14.931 errefuxiatu hartzea eskatuko dio Europako Batzordeak Espainiari, De Volkstrant Herbehereetako egunkariak filtratu duen Bruselaren proposamenaren arabera. Aipaturiko proposamenak gaur egun Italian, Grezian eta Hungarian dauden errefuxiatuak banatzeko modu bat jasotzen du.

Gaur egun, Italian, Grezian eta Hungarian banatuta dauden 120.000 errefuxiatu hartzeko eskatuko die Europako Batzordeak Europako gobernuei asteazken honetan, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko prestatutako neurrien baitan.

Guztira, Hungarian dauden 54.000 errefuxiatu, Grezian dauden 50.000 eta Italian dauden beste 15.600 Europar Batasuneko herrialdeetan banatzea proposatuko du Europako Batzordeak; hain zuzen ere, azken hiru hilabeteetan hiru herrialde horietara heldu diren errefuxiatuen % 62.

Europako Batzordearen proposamena aintzat hartuta, Espainia izango da errefuxiatu gehien hartuko dituen Europako herrialdea -14.931-, Alemaniaren -31.443- eta Frantziaren -24.031- atzetik.

Poloniak erabat baztertu du kuota bidez errefuxiatuak hartzea, baina, proposamen horren arabera, 9.287 errefuxiatu hartu beharko lituzke, Herbehereek 7.214 errefuxiatu, Belgikak 4.564 errefuxiatu, Suediak 4.469 errefuxiatu, Austriak 3.640 errefuxiatu, Finlandiak 2.398 errefuxiatu, Portugalek 3.074 errefuxiatu eta Errumaniak 4.646 errefuxiatu.

Errefuxiatuak hartzeko Europako Batzordeak egindako bigarren proposamena da hau; izan ere, behin-behinean beste 40.000 errefuxiatu hartzeko proposamena egin zien EBko estatu kideei maiatzean.

6.000 euroko diru-laguntza errefuxiatu bakoitzeko

Europako Batzordeak 6.000 euroko diru-laguntza emango die Europar Batasuneko herrialdeei hartzen duten errefuxiatu bakoitzeko, baina diru kopuru bat ordainduta errefuxiatuak hartzeari uko egiteko aukera aztertzen ari da Europako Batzordea; betiere, behar bezala justifikatuta badago. Erresuma Batua, Irlanda eta Danimarka ez daude behartuta errefuxiatuak hartzera, baina baliteke proposamenarekin bat egitea.

Espainiak ahalik eta errefuxiatu gehien hartuko dituela esan du Margallok

Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak esan du Espainiak hartu ahal dituen errefuxiatu guztiak hartuko dituela.

"Ahal duen guztia egiteko prest dago Espainia", esan du Margallok Teheranen. Dena den, ministerioarteko batzordeari dagokio xehetasunak aztertzea, horren esanetan. Hala ere, "edozein harrera-konpromiso baliabidez lagunduta egon behar da", eta horrek diru-partida bat esleitzea eskatzen du, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Europa bideoak Espainiako Gobernua albisteak