Mundua -

Siria, gerran

Europa eta AEB, Siriako gerran eraso militar berria egiteko prest

Frantziak airezko bonbardaketak baimendu berri ditu eta Erresuma Batuak bi matxino britainiar hil zituela aitortu du. AEB estrategia militar berria aztertzen ari da.

Latakia (Siria) hiria, atentatu baten ostean. EFE
Latakia (Siria) hiria, atentatu baten ostean. EFE
Latakia (Siria) hiria, atentatu baten ostean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Norabide biko estrategia darabilte Europak eta AEBk Sirian. Batetik, Estatu Islamikoaren (EI) kontrako oldarraldi militarra nola indartu aztertzen ari dira, eta, bestetik, gatazkak eragindako milaka errefuxiatuak nola hartu eta banatu erabakitzen ari dira.

Arlo militarrean, Francois Hollande Frantziako presidenteak egin zuen aurreneko keinua, astelehenean bertan. Hark egindako iragarpenaren arabera, Frantziak hegazkinak bidaliko ditu Siriara, balizko aire erasoak nola egin daitezkeen aztertzera.

Frantziak 700 soldadu eta hainbat ehiza-hegazkin ditu Sirian, baina, ofizialki, orain arte ez du bonbardaketarik egin (AEBk, bai, ordea). Matxinoei amak eta telekomunikazio ekipoak bidali besterik ez du egin. Orain, baina, prest dago aire erasoei ekiteko.

Lurreko erasoak erabat baztertuta daudela esan zuen Hollandek, Le Parisien egunkariari eskainitako inkesta batean, frantsesen % 61ek babestuko lituzketen arren.

Erresuma Batuak droneak erabili ditu

Aitorpenak egiteko eguna izan zen atzokoa David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroarentzat. Parlamentuan egindako agerraldian iragarri zuenez, bi britainiar hil zituzten Sirian, drone bidez egindako eraso batean. Estatu Islamikoko ustezko kideak ziren biak, Cameronen esanetan.

Hildakoak Cardiffen (Gales) duela 21 urte jaio eta EIren bideo batean agertutako Reyaad Khan eta Ruhul Amin 26 urteko eskoziarra dira.

Cameronen hitzetan, Khan Erresuma Batuen kontrako atentatua prestatzen ibili zen. Erasoa "beharrezkoa, neurrizkoa eta legezkoa" izan zela gaineratu zuen. Komunen Ganberak Sirian eraso militarra egiteko baimena ukatu zion Gobernuari 2013ko abuztuan.

Estrategia berria mahai gainean

Estatu Islamikoaren kontrako borrokan "egokiago eta eraginkorrago" izateko estrategia berria aztertzen ari da AEBko Defentsa Departamentua. Nusra talde matxinoak jipoia eman zien AEBk bidalitako soldaduei, eta erasoa beste modu batera antolatzeko beharra ikusi du Obamaren gobernuak, The New York Times egunkariak filtratutako informazioaren arabera.

Besteak beste, soldadu kopurua handitzea, tropak eremu babestuago batzuetara bidaltzea edo soldaduen prestakuntza hobetzea aztertu dute.

Izan ere, soldaduak nora eta nola bidali behar dituzten da AEBko Gobernuaren buruhauste nagusia. "Ez dugu inongo kontrolik, entrenamendua bukatuta, gatazkara bidaltzen ditugu, baina estrategia garbirik gabe", aitortu du Kevin J. Killea nazioarteko koalizioaren komandanteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak bideoak Europa bideoak Estatu Islamikoa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Siria gaur Ekialde Hurbileko albisteak