Mundua -

Errefuxiatuen krisia

120.000 errefuxiatu 'nahitaez' hartzeko eskatu dio Junckerrek EBri

'Justizia historikoa da jokoan dagoena. Europar guztiek gogoratu beharko lukete kontinente honetan denak izan direla, noizbait, errefuxiatu', esan du EBko presidenteak.

Jean-Claude Juncker, gaur Estrasburgon. Argazkia: EFE.
Jean-Claude Juncker, gaur Estrasburgon. Argazkia: EFE.
Europako Batzordearentzat asiloa ohinarrizko eskubidea da

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak esan duenez, Europar Batasuneko 28 estatu kideek "nahitaez" hartu behar dituzte Italiara, Greziara eta Hungariara iritsitako errefuxiatuak.

"Italiara, Greziara eta Hungariara iritsi diren 120.000 errefuxiatuak banatzeko bigarren larrialdi plana proposatuko dugu gaur. Hau nahitaezkoa da", esan du Junckerrek Estrasburgon, Europako Parlamentuaren egoitzan, Batasunaren egoeraz egin duen lehen hitzaldian. Besteak beste, "herrialde seguruen zerrenda" osatzea proposatu du, asilo eskariak arintze aldera.

"Ez dugu beldurrik izan behar. Ekiteko ordua da; Europar Batasunak ausart eta zehatz heldu behar dio gaiari", esan du Junckerrek.

Europako Batasuna ez dagoela egoera onean esanez hasi du hitzaldia EBko presidenteak, eta horri aurre egiteko, estatu kide guztien ahalegina ezinbestekoa dela gaineratu du.

"Zenbakiok beldurra eragiten diete askori. Baina ez da beldurra izateko ordua. Gizatasunez jokatzeko ordua da", azpimarratu du Junckerrek.

EBko presidentearen hitzetan, "justizia historikoa da jokoan dagoena. Europar guztiek gogoratu beharko lukete kontinente honetan denak izan direla, noizbait, errefuxiatu".

Europako historia gogoratzeko ordua iritsi da, Junckerren aburuz. "Joan den mendean, milaka juduk eta ijitok Alemaniatik ihes egin behar izan zuten, nazien okupazioa zela eta. Espainiako errepublikanoek ere, Frantzia hegoaldeko errefuxiatu eremuetara egin zuten ihes Gerra Zibilean. Erreboltari hungariarrak Austrian aurkitu zuten babesa, 1956ko iraultzan", nabarmendu du.

"Ahaztu egin al dugu Bigarren Mundu Gerraren ondoren 60 milioi errefuxiatu egon zirela Europan?", galdetu die Junckerrek eurodiputatuei.

Neurri berriak

Errefuxiatuak estatu kideen artean banatzeko plana aurkeztu du gaur Europako Batzordeak. Gerratik ihesi, Hungariara, Greziara eta Italiara iritsitako 120.000 herritarren asilo eskariak EBko 28 herrialdeen artean nola banatu proposatu du. Besteak beste, Espainiari 17.680 errefuxiatu hartzea proposatu dio Bruselak; kopuru osoaren % 12,4, maiatzean eskatu zionaren hirukoitza.

Alemaniaren (31.443 errefuxiatu, kopuru osoaren % 26,2) eta Frantziaren (24.031, kopuru osoaren % 20) atzetik, Espainiari hartzeko eskatuko zaion kopurua da EBko handiena. Errefuxiatuak banatzeko, lau irizpide hartu ditu kontuan Bruselak: biztanleria, Barne Produktu Gordina, langabezia-tasa eta herrialde bakoitzak errefuxiatuak hartzeko aurretik egindako ahalegina.

Neurria nahitaez onartu behar izatea erabaki du EBk, hainbat herrialdek uztailean kontrako jarrera erakutsi zuten arren. Errefuxiatuak hartzea herrialde bakoitzaren "borondatezko konpromisoa" izatea nahi dute hainbat estatu kidek.

Egungoa bezalako "larrialdi egoeretan", errefuxiatuen banaketa "nahitaezkoa eta iraunkorra" izatearen alde agertu dira François Hollande Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Frantziak dagoeneko iragarri du Europak ezarritako kopurua hartzeko prest dagoela.

Espainiako Gobernuak ez daki zein den prozedura

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordeak baieztatu du 14.900 errefuxiatu jasoko dituztela, Europako Batzordeak agindu bezala.

Saenz de Santamariak gaineratu du Gobernua "etengabe" ari dela lanean, errefuxiatuak hartzeaz gain, "epe ertain eta luzean gure herrialdean merezi duten integrazioa" izan dezaten.

Hala eta guztiz ere, errefuxiatuak noiz iritsiko diren galdetuta, Gobernuaren ordezkariak erantzun du oraindik ez dakitela, Europako Batzordeak osatutako prozeduraren eta jatorrizko herrialdeen mekanismoen arabera izango dela.

Espainiako Estatuak ahal zuen "lankidetza eta esperientzia handiena" eskaini omen dio Europako Batzordeari "prozesua azkartzen laguntzeko".

Horren harira, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ari omen dira hizketan, "lehenbailehen iris daitezen zer egin dezaketen jakiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak