Mundua -

Alemanian

Ehunka errefuxiatu aterperik gabe utzi dituzte hainbat erasok

Nahita piztutako zenbait sutek kalte handiak eragin dituzte errefuxiatuak hartzeko hainbat lokaletan.

Wertheimeko aterpea erre dute. Argazkia: EFE
Wertheimeko aterpea erre dute. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat eraso izan dira asteburu bitartean Alemaniako zenbait puntutan eta, horren ondorioz, ehunka errefuxiatu hartzeko prest zeuden lokalek eta kirol-pabiloiek kalte handiak jasan dituzte, eta erabilezin geratu dira.

Esaterako, Wertheimeko behin-behineko harrera-zentroa, Alemaniako hegoaldean, 400 lagun hartzeko prest zegoen, baina eraikina erortzeko arriskuan dago orain eraso batek eragindako sutearen ondorioz.

Antzeko egoeran geratu da Laangen, Alemaniako ekialdean, errefuxiatuak jasotzeko prestatutako etxebizitza-eraikin bat, bart sugarrek jota.

Errefuxiatuak hartzeko beste eraikin batzuen bila hasi dira bi udalerrietako agintariek.

Eraso xenofoboak

Heiko Maas Alemaniako Justizia ministroak bere kezka azaldu du eraso horiek direla-eta, eta asilo-eskatzailek pairatutako jazarpenengatik. "Errefuxiatuen zentro baten kontra egindako eraso bakoitza gure aurka eta gure gizartearen aurka egindako erasoa da", esan du Maasek Twitterren bitartez.

Aipatutako suteaz aparte, iheslarien edo boluntarioen kontrako ekintzak ere izan dira asteburuan zehar.

47 siriar bizi diren aterpe batean, Riedlingenen, nazien ikurren margoak agertu dira kanpoaldean, eta bi edukiontzi erre dituzte.

Bischofswerdan, ordea, hirugarrenez liskarrak izan dituzte gauean, eta errefuxiatuak zeramatzan autobus baten aurkako jazarpena izan da.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eraso xenofobo horiek gaitzestu ditu. Gainera, Alemaniako Barne ministro Thomas de Maizierek adierazi duenez, ekintza horiek gogor zigortuko dira.

Urtea hasi denetik, eta errefuxiatuak Alemaniara iristen hasi direnetik, horien aurkako erasoak areagotu egin dira.

AEBk 85.000 errefuxiatu hartuko ditu

Bestalde, 2016an aurreikusitako baino 15.000 errefuxiatu gehiago hartzeko prest daudela iragarri du AEBko Estatu-idazkari John Kerryk. Gainera, 2017an 100.000 errefuxiatuetara iristeko gai izango direla esan du. Dena dela, horietatik zenbat siriarrak izango diren ez du argitu.

AEBko helburua izango da datorren urtean mundo osoko 85.000 errefuxiatu hartzea (egun 70.000 errefuxiatu), eta 2017an 100.000ra heltzea. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Estatu-idazkariarekin bildu ostean egin ditu Kerryk adierazpen horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania argazkiak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak