Mundua -

Kolonbiako bake prozesua

Gobernuak eta FARCek biktimen inguruko akordioa sinatu dute

Bake-prozesuko laugarren akordioa da, eta gerturatu egiten du gatazka armatuaren behin betiko amaiera.

Kolonbiako Gobernuko eta FARCeko negoziatzaileak, akordioa ixten. EFE
Kolonbiako Gobernuko eta FARCeko negoziatzaileak, akordioa ixten. EFE
Bakea hurbiltzen duen akordioa sinatu dute Gobernuak eta FARCek

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen ordezkariek gatazkako biktimei buruzko akordioa sinatu dute gaur, Habanan. Hain zuzen ere, biktimei kalte-ordainak, justizia eta egia emateko bermeak jasotzen dituen sistema integral bat adostu dute.

Akordioa Humberto de la Calle Gobernuko ordezkariak eta Ivan Marquez FARCeko kideak sinatu dute. Kubak, Norvegiak, Txilek eta Venezuelak ere egin dute; lehenengo bi herrialdeek, bake-prozesuaren bermatzaileak direlako, eta, beste biak, laguntzaileak baitira.

Aldeek adostutako adierazpen bateratuan, bake egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko "funtsezko pausoa" eman dutela aldarrikatu dute.

Egia, kalte-ordaina eta bermeak biltzen ditu dokumentuak, eta baita trantsiziorako justizia sistemaren nondik norakoak ere, gatazkaren arduradunei aplikatuko zaiena, hain zuzen.

Bakerako jurisdikzio berezi horren ildo nagusiak irailaren 23an iragarri zituzten Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Rodrigo Londoño FARCeko buruzagiak. Bosteko historikoa eman zioten elkarri bi agintariek Habanan, eta keinu hori inflexio-puntua izan zen bake prozesuan.

Gerrako inplikatu guztientzako jurisdikzio berezi bat aurreikusten du akordioak. Hala, erantzukizunak onartzen dituztenek onurak izango dituzte.

Gatazka armatua bukatu eta gero, amnistia zabala onartuko dutela hitzartu dute. Hori bai, ezingo diete neurri hori ezarri gizateriaren aurkako krimenak, genozidioa, gerra krimenak edota giza eskubideen urraketak egin dituztenei.

Horren ildotik, inpunitateari amaiera eman nahi diotela nabarmendu dute.

Erreakzioak

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak adierazi du gaurko akordioa bake-prozesuko "garrantzitsuena" izan litekeela uste duela.

Ivar Marquez FARCko ordezkariaren esanetan, gerrillak ez du "txalotu" nahi "etsaiak" kartzelan sartzea, eta horiekin batera bakea eraiki nahi dutela erantsi du.

Bestalde, biktimen ordezkariak pozik agertu dira, eta akordioa "zorrotz" betetzen dela ikuskatuko dutela aurreratu dute.

Laugarren akordioa

Gaur iragarri duten akordioa bake-prozesuko laugarrena da. Bake-prozesua duela hiru urte baino gehiago hasi zen. Lehenengo, lurraren eta landa garapenaren inguruko testua adostu zuten; ondoren, gerrillaren parte-hartze politikoa, eta, azkenik, droga eta narkotrafikoa.

Halere, biktimen inguruko agiria adosteko denbora gehiago behar izan dute negoziatzaileek. 2014ko abuztuan hasi zituzten elkarrizketak, eta gerraren kalteak jasan dituztenen bost ordezkaritza aritu dira Habanako Mahaian.

Eztabaidan zehar, bake-prozesuak gorabehera ugari izan ditu, krisi eta aurrerapauso garrantzitsuak tartean. Pertsonen kontrako minak kentzeko plan bat eta desagertuak bilatzeko egitasmo bat adostu dituzte bidean.

Gatazkaren amaiera

Biktimen inguruko testua adostu ondoren, Kolonbiako prozesuak gai-zerrendako azken puntuari eutsiko dio: gatazkaren amaierari buruzkoa.

Besteak beste, aldebiko behin betiko su-etenaren baldintzak eta gerrillaren armagabetzea negoziatu beharko dituzte orduan. Justiziaren inguruko akordioaren arabera, desarmea 60 eguneko epean egingo dute behin betiko bake-akordioa sinatu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea