Mundua -

Itsasoan eroritako hegazkina

EgyptAir konpainiako hegazkinaren atariko txostena, hilabetean prest

Gertaturikoa ikertzen ari da batzorde egiptoarreko presidenteak ezeztatu egin du kutxa beltzak non dauden dakitenik.

EgyptAir. Artxiboko irudia: EiTB
EgyptAir. Artxiboko irudia: EiTB
EgyptAir. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 19an Mediterraneoan erori zen Egyptair konpainiako hegazkinari buruzko atariko txostena hilabete barru prest izango da, Ayman al Muqadem gertaturikoa argitzeko Egiptoko batzordeko presidenteak Al Ahram egunkariari ziurtatu dionez.

Al Muqademek azaldu duenez, bilaketa eta salbamendu taldeek aurkitutako hegazkin zatiak Kairoko nazioarteko aireportuko gune batean bilduko dituzte.

Bestalde, Ayman al Muqademek ukatu egin du haren batzordeak Mediterraneoan eroritako hegazkinaren kutxa beltzen kokapenari buruzko seinalerik jaso duenik.

Atzo, Frantziako ikertzaileek baieztatu zutenez, Egyptair konpainiako hegazkinak ke alerta igorri zuen, kabina barruak kea zegoela ohartaraziz, Mediterraneo itsasoan erori aurretik. Antza denez, ke seinale horiek modu automatikoan igortzen dira ACARS izeneko sistema baten bitartez. Dena den, nabarmendu zuten hegazkinaren zatiak aurkitu arte ezinezkoa izango dela ezbeharraren zergatiak zehaztea.

The Aviation Herald webgunearen arabera, ACARS sistemak kea antzeman zuen hegazkineko komunetan 02:26an (00:26 GMT ordua) eta, minutu bat geroago, beste mezu bat igorri zuen sistema elektronikoetatik kea zetorrela ohartaraziz. Azken mezua 02:29an (00:29 GMT ordua) bidali zuen eta 02:33an kontaktua galdu zen.

Safwat Moslem EgyptAir konpainiako presidentearen esanetan, hegazkina bilatzeko lanak 65 kilometroko eremua egiten ari dira, baina litekeena da behar izanez gero eremua zabaltzea.

Egiptoko Indar Armatuek Egyptair hegazkineko bidaiarien gorpuzkinak, hegazkin zatiak eta maleta batzuk aurkitu zituzten ostiralean, Alejandria hiritik 290 kilometro iparraldera.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Frantzia bideoak Hegazkin istripuak gaur Gaurko azken orduko albistea