Mundua -

Florida

Ibar auziko epailea: 'Erabakia oso zaila da, denbora behar dut'

Azkenik, datorren astean erabakiko du epaileak epaiketa berria egin arte Ibarren baldintzapeko askatasuna onartu ala ez.

Pablo Ibar presoaren baldintzapeko askatasunaren inguruko auzi-saioa. Argazkia: Mikel Reparaz
Pablo Ibar presoaren baldintzapeko askatasunaren inguruko auzi-saioa.
Epaileak astebetez atzeratu du Pablo Ibarren askatasunaren erabakia

1:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko epaile batek datorren astean erabakiko du azkenik Pablo Ibar presoari baldintzapeko askatasuna eman ala ez. Floridako Auzitegi Gorenak otsailean kendu zion heriotza zigorra, eta horregatik eskatu ditu defentsak onurak.

"Erabaki oso zaila da hartu behar dudana, denbora gehiago behar dut", argudiatu du Raaj Singhal epaileak, euskal jatorriko presoaren aurkako epaiketa berriari buruzko zehaztasunak eztabaidatzeko egindako hirugarren saioan.

Saio horretan, Benjamin Waxman abokatuak adierazi du Ibarrek epaiketa egin arte "aske" egoteko eskubidea duela, eta ez duela ihes egingo.

Fiskaltza, baina, aurka agertu da, eta Ibar "arriskutsua" dela esan du. Gainera, ihes egiteko arriskua dagoela aipatu du: "heriotzaren korridorean egona den edozeinek ihes egiteko gogoak izango lituzke".

Epaileak abuztuaren 5erako ezarri du hurrengo saioa, eta, horretan, defentsak aurkeztutako bi mozio aztertuko ditu: Ibarri ezarritako heriotza zigorraren konstituzio-kontrakotasuna eta lekukoek egindako identifikazioa.

Uztailaren 1eko saioan, Ibarren defentsa oso haserre agertu zen Fiskaltzaren jarrerarekin, sailkatu gabeko dokumentazio asko eraman zuelako froga gisa.

Benjamin Waxman Ibarren abokatuak zalantzan jarri zituen lekukotzen transkripzioak, eta ezer berririk ez zegoela eta akusazioak prozesua luzatu besterik ez zuela nahi adierazi zuen.

Defentsak berretsi zuen baldintzapeko askatasunaren neurriak eztabaidatu beharko lituzketela, ez besterik.

Fiskaltzak, dena dela, 22 urte preso (horietako 15, heriotzaren korridorean) igaro dituen euskal jatorriko gizonaren kontra heriotza zigorra eskatzen jarraituko duela iragarri zuen.

Defentsaren arabera, ez dago Ibarrek ihes egiteko aukerarik, eta ez da herritarrentzako pertsona arriskutsua. Hori dela eta, fidantzapean aske uzteko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Pablo Ibar auzia Eguneko albisteak