Mundua -

TURKIA

Erdoganen garbiketa: 50.000 funtzionario kaleratu eta 8.000 atxilotu

Gainera, heriotza-zigorra berrezartzea aztertzen ari da Turkiako presidentea. Giza eskubideak errespetatzeko eta legediaren barruan aritzeko deia egin dio nazioarteak Erdogani.

Erdogan, jarraitzaileen aurrean, Estatu kolpe saiakeraren ondoren. EFE.
Erdogan, jarraitzaileen aurrean, Estatu kolpe saiakeraren ondoren. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkian joan den astean izandako estatu-kolpe saiakeraren ondotik, Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarrak garbiketa zorrotza abiatu du herrialdean: 50.000 funtzionario kaleratu eta 8.000 pertsona atxilotu dituzte.

Poliziak, epaileak eta alor pribatuko eta publikoko irakasleak daude kaleratu dituzten langileen artean. Atxilotutakoak, berriz, militarrak, epaileak, fiskalak eta herritar zibilak dira, Turkiako hainbat hedabidek azken orduotan zabaldutako datuen arabera.

Binali Yildirim lehen ministro turkiarrak esan duenez, gainera, garbiketa ez da amaitu, eta atxiloketa eta kaleratze gehiago egongo dira datozen orduotan.

Neurriok alarma piztu dute nazioartean, eta Nazio Batuen Erakundeak eta beste hainbat erakundek giza eskubideak errespetatzeko eta legearen barruan aritzeko deia egin diote Turkiari.

Estatu-kolpe saiakera egin aurretik ere, Fethullah Gülen predikari kontserbadorearen jarraitzaileen kontrako estrategia abian zuen Erdoganek, eta azken hilabeteotan hainbat polizia kargugabetu ditu. Turkiako presidenteak Güleni egotzi dio estatu-kolpea bultzatzea.

Garbiketa, zenbakitan:

Kargugabetutako langileak: Hürriyet egunkariaren arabera, 49.337 langile kaleratu dituzte ostiraletik.

- 21.000 langile kaleratu dituzte eskola pribatuetatik.

- 15.200 langile eta Hezkuntzako langile, zentro publikoetatik. Horiek guztiak banan-banan ikertuko dituztela iragarri du Turkiako Gobernuak.

- 1.577 unibertsitate-dekanori kargu uzteko agindua eman diete. Fakultate publikoetako eta pribatuetako langileak dira.

- Turkiako Barne Ministerioko 8.777 langile kargugabetu dituzte, poliziak eta jendarmeak gehienak. Tartean, 11 jeneral eta 61 koronel daude.

- Finantza Ministerioko 1.500 langile.

- Lehen ministroaren bulegoko 257 langile.

- 2.745 epaile eta fiskal. Horietako bost, Epaileen eta Fiskalen Batzorde Goreneko kideak.

- Gobernadore probintziala, 29 gobernadore ohi, barrutietako 52 arduradun eta hainbat justizia aholkulari utzi dituzte kalean garbiketa honetan.

Atxilotuak:

Denera, 8.660 pertsona atxilotu dituzte azken egunotan Turkian, estatu-kolpe saiakerarekin zerikusia dutelakoan. 990, dagoeneko, espetxeratu egin dituzte, Gobernuak emandako datuen arabera. Atxilotu gehienak, 6.100 inguru, militarrak eta poliziak dira. 755 epaile ere badaude preso hartutakoen artean. Gainerakoak, herritar zibilak dira.

Salbuespenezko neurriak:

- Langile publiko guztiei debekatu egin diete atzerrira bidaiatzea. Horretarako, lantokiko arloburuen baimen berezia beharko dute.

- Oporretan dauden funtzionario guztiek bertan behera utzi behar izan dute oporraldia, euren lanpostuetara itzultzeko.

- Herrialdeko 24 hedabideri kendu egin diete emititzeko baimena. Aztertzen ari diren beste neurri bat: Heriotza-zigorra berrezartzea aztertzen ari da Turkiako Gobernua. AKP Turkiako Gobernuan agintzen ari den alderdi islamiarra eta MHP alderdi ultraeskuindarra bakarrik agertu dira heriotza-zigorra berrezartzearen alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Albisteak Turkia berriak