Mundua -

Tiroketa Munichen

Elkartasun-mezuak Alemaniarekin Municheko erasoaren ostean

Anitzak dira mundu osoko agintari politikoek sare sozialetan eta handik kanpo azaldu dituzten elkartasun- eta gaitzespen-mezuak atzoko gertakariaren aurrean.

Agentziak | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gertuko zein nazioarteko politika munduak nahitaezkoa hizpide izan ditu ostiral arratsaldean Munichen jazotako tiroketak, eta ugariak izaten ari dira agintari politikoek sare sozialetan eta handik kanpo azaldu dituzten elkartasun- eta gaitzespen-mezuak.

Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak Facebook bidez argitaratu duen ohar batean bere elkartasuna adierazi dio Alemaniako herriari, eta Europak terrorismoaren "gaitzari bat eginda eta erantzukizunez eta gizarte demokratiko baten heldutasunez aurre egin" behar diola defendatu du.

Bere aldetik, Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak Angela Merkel Alemaniako kantzelariari "Espainiako herriaren doluminak eta elkartasuna" igorri dizkio gaur Twitter bidez, baita zaurituak ahalik eta azkarren onera egin dezatela ere.

Aldi berean, Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak eta Martin Schulz Europar Legebiltzarrekoak ere sare sozial bera erabili dute tiroketaren biktimei beren elkartasuna adierazteko.

"Gure pentsamenduak Municheko biktimekin, haien familiekin eta gizarte baketsu bat defendatzearen alde euren biziak arriskuan jarri zituzten poliziekin daude", azaldu du Junckerrek.

Martin Schulz Euroganberako presidentea "erabat hunkituta eta izututa" agertu da erasoagatik, eta bere doluminak igorri dizkie biktimei eta haien gertukoei.

Obamak "laguntza guztia" eskaini dio Alemaniari

AEBko gobernuak Munichen izandako eta "errugabeak hil dituen ustezko eraso terrorista" modurik eta irmoenean kondenatu du gaur.

Horren aurretik, Barack Obama presidenteak beharrezkoa den "laguntza guztia" eskaini dio Alemaniari eraso horren aurrean. "Alemania gure aliatuetako bat da. Azaldu du adierazpen labur batzuetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak EB Rajoy Iñigo Urkullu Lehendakaria Europa Barack Obama argazkiak Alemania bideoak Eguneko albisteak