Mundua -

BBC-ren ikerketa

Zara eta Mango denden hornitzaileek errefuxiatuak dituzte lanean

12 orduko lanaldiak eginarazten dizkiete siriar jatorriko errefuxiatuei, tartean adingabeei.

Hiru milioi errefuxiatu siriar daude Turkian. EFE
Errefuxiatu siriarrak Turkian. EFE
Hiru milioi errefuxiatu siriar daude Turkian. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako arropa denda ezagunetako batzuen hornitzaileek Siriako errefuxiatuak dituzte lanean Turkiako lantegietan, BBC telebista kate britainiarrak ikerketa saio batean egiaztatu ahal izan duenez. Tartean daude Zara eta Mango kate espainiarrak eta Marks&Spencer eta Asos britainiarrak.

Telebistan astelehen honetan eskainiko duten "Panorama" saioak egin du ikerketa. Horren arabera, denda britainiarren hornitzaileek errefuxiatu adingabeak dituzte lanean.

Saioan ikusi ahal denez, Siriako errefuxiatu hauei 12 orduko lanaldiak eginarazten dizkiete, askotan, beharrezko segurtasun neurriak izan gabe, gainera.

Europako denda askok Turkian egin ohi dituzte arropak, batez ere Istanbulen. Produktuak kostu txikiagoarekin egiten dituzte, Europatik gertu, eta, hala, diseinu berriak epe laburrean egin ahal dituzte.

"Panorama" saioko kazetariek Siriako gatazkatik ihes egindako errefuxiatu ugari topatu dituzte lantegiotan. Mango eta Zara dendetan saltzen diren praka bakeroak tindatzen dituzten fabrika batean 12 orduko lanaldiak eginarazten dizkiete langileei, eta produktu kimikoak erabiltzen dituzte, babesteko inolako maskararik izan gabe.

Irregulartasunik dagoen ikusteko, aldian behin ikuskaritzak egiten dituztela azpimarratu dute Mangok eta Zarak, eta horiek konpontzeko bitartekoak jarri dituztela esan du Inditex konpainiak.

Denda britainiarrei dagokienez, adingabe siriarrak topatu dituzte Marks&Spencer eta Asos markako arropa egiten duten lantegietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Turkia