Mundua -

Chapecoense-ren hegaldia

Baieztatu dute hegazkina erregairik gabe zegoela istripuaren unean

Abioiak 30 minutuz hegan egiteko erreserba izan behar zuen, behin ibilbidea bukatuta. Bestalde, 59 biktima identifikatu dituzte dagoeneko.

Hegazkina erregairik gabe zegoen istripua gertatu zenean

1:25

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako aireko nabigazioaren agintariek baieztatu egin dute Medellingo aireportutik gertu istripua izan zuen hegazkinak (71 hildako utzi ditu, horietako asko Chapecoense futbol taldeko kideak) ez zuela erregairik mendixkaren aurka talka egin zuenean.

"Baiezta dezakegu, argi eta garbi, hegazkinak ez zuela erregairik talka egin zuen unean, eta, hori dela eta, ikerketa abiarazi dugu arrazoia argitzeko", esan du prentsaurreko batean Fredy Bonilla Kolonbiako Aeronautika Zibileko Segurtasun idazkariak.

Abioiak (Lamia aire-enpresakoa) Rionegroko Jose Maria Cordova aireportutik 17 kilometrora zegoenean izan zuen istripua, astelehenean,. Ezbeharrean, 71 pertsona hil ziren eta seik bizirik irtetea lortu zuten.

Erregai gabezia da esku artean duten hipotesietako bat, Gordo mendixkan (La Union udalerrian dago, Medellindik gertu) izandako istripua azaltzeko.

Bonillak gogorarazi duenez, hegazkin batek ibilbidea egiteko nahikoa erregai eta, gainera, erreserba bat izan behar duela ezartzen du nazioarteko legediak. Erreserba horrek hegaldia 30 minutuz luzatzeko aukera eman beharko luke.

Bestalde, Bonillak esan du Medellinen baldintza meteorologikoak "bikainak" zirela istripua gertatu zenean.

Horrez gain, Carlos Eduardo Valdes Kolonbiako Auzitegi Zientzia eta Medikuntza Legaleko Institutu Nazionaleko zuzendariaren hitzetan, 59 gorpu identifikatu dituzte dagoeneko. Biktima horietako 52 brasildarrak ziren, bost boliviarrak, bat paraguaitarra eta bat venezuelarra.

"Kasu guztietan, hezurren eta erraien traumak eragin du heriotza, talkaren ondorioz", gaineratu du Valdesek.

Zaleen omenaldia

Chapecoenseren zaleek harrotasun bihurtu dute samina, futbol taldearen zelai txikian, Arena Conda estadioan, egindako bijilian, taldeko futbolari gehienak galdu eta gero.

Ekitaldia Chapecoense eta Atletico Nacional taldeen arteko norgehiagoka egin behar zen ordu berean egin dute.

"Harrotasun handiarekin, maitasun handiarekin" eta "sentimendu honek ez du etenik izango" izan dira zaleen artean entzundako oihuetako batzuk. Oraindik shock egoeran badaude ere, indarrak batu dituzte estadioa erabat betetzeko. 19.000 lagunentzako lekua du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak albisteak Gaurko azken ordukoa Kolonbia Brasil albisteak