Mundua -

Giza Eskubideen Auzitegia

Estrasburgok Errusia zigortu du Beslango erasoko biktimak ez babesteagatik

Kremlinek "onartezin" jo du auzitegiaren ebazpena: "Onartezina da ebazpena eraso terroristak behin eta berriz jasotzen dituzten herrialdeentzat".

Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegia. Argazkia: EITB
Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegia. Argazkia: EITB
Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegia. Argazkia: EITB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak ez zuen 330 pertsonaren (tartean 180 haur) bizitzeko eskubidea babestu, Beslango eskola batean 2004ean izandako atentatu terroristan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur kaleratutako ebazpen batean agertzen denez.

Estrasburgoko auzitegiak jokabide hauek zigortu ditu: segurtasun neurriak ez hartzea mehatxuaren berri izan arren; ikerketan izandako hutsune larriak; salbamendu operazioan arriskuak ez txikitzea; eta segurtasun indarren bortizkeria, bahituen artean biktima asko eragin zituelako.

Zigorrarekin batera, Errusiak 2.955.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die 409 salatzaileei (atentatuan zaurituak eta hildakoen sendieak).

Ebazpenaren arabera, Errusiako agintariek "nahikoa informazio zehatza zuten ikasturte hasieran eskualde horretan eraso terrorista bat egiteko proiektuaren inguruan".

Mehatxu horren aurrean, auzitegiak uste du "babes neurriak" hartu behar zirela Ipar Osetiako eskola guztietan, eta gurasoak eta administrazioko arduradunak ez zituztela ohartarazi kritikatu du.

Errusiak "onartezin" jo du zigorra

Kremlinek "onartezin" jo du auzitegiaren ebazpena. Dmitri Peskov Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, "onartezina da ebazpena eraso terroristak behin eta berriz jasotzen dituzten herrialdeentzat".

Errusiako Justizia Ministerioak iragarri du ebazpenaren aurkako helegitea jarriko dutela.

2004ko irailaren 1ean, ikasturtearen lehenengo egunean, Txetxeniako gerra amaitzea eskatzen zuen talde armatu batek 1.200 pertsona baitu zituen Beslango eskola batean, Ipar Osetian. Bi egun geroago, irailaren 3an, segurtasun indar errusiarrak eskolan sartu ziren, eta 334 zibil hil ziren operazioan, tartean 186 haur, eta 750 zauritu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Estrasburgoko Auzitegia epaiketak