Mundua -

Tiroketa AEB-n

Errepublikanoen buruzagi bat egoera kritikoan, tiroketa baten ostean

Steve Scalise eta beste lau pertsona zauritu dituzte tiroketan, Virginian. Poliziak hil egin du ustezko tiratzailea.

AEBn izandako tiroketa batean errepublikanoek Kongresuan dute
Hainbat pertsona zauritu dituzte Virginian (AEBak) izandako tiroketa batean

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost pertsona zauritu dituzte asteazken honetan AEBn izandako tiroketa batean, tartean, Steve Scalise Errepublikanoek Kongresuan duten taldearen burua. Egoera kritikoan dago,

Poliziak hil egin du tiratzailea, James T. Hodgkinson izeneko 66 urteko gizon zuri bat, inspektore zena. Facebooken, Donald Trump "suntsitzeko" mehatxua idatzi zuen.

FBIk ikerketa abiatu du, baina aurreratu du oraindik goiz dela jakiteko erasoak kutsu politikoa duen eta helburua aipatutako kongresistak ote ziren.

Tiroketa goizeko zazpiak aldera gertatu da Alexandriako (Virginia, Washingtonetik gertu) zelai batean, AEBko Alderdi Errepublikanoko ordezkariak beisbolean jokatzen ari zirenean. Antza denez, bihar jokatzekoa den ongintzako partida baterako entrenatzen ari ziren.

Michael Brown Alexandriako Poliziako buruak kazetarien aurrean egindako agerraldi labur batean azaldu duenez, bost pertsona eraman dituzte inguruko ospitaleetara. Dena den, ez du zaurituen nortasunaren gaineko daturik eman.

Gainerako zaurituak hauek dira: Zachary Barth eta Matt Mika aholkulari errepublikanoak (beisbolean ari ziren) eta Kapitolioko segurtasun taldeko bi kide.

Lekukoen arabera, tiroen ustezko egileak errifle bat zeraman. Agintariek tokian bertan azpiratu dute erasotzailea eta, ondoren, ospitalera eraman dute, zaurituta.

Steve Scalise AEBko Ordezkarien Ganberan maila handiena duen hirugarren errepublikanoa da.

Etxe Zuriak zabaldutako ohar batean, Donald Trump "erabat triste" mintzatu da Alexandria gertatutako "tragedia" dela-eta. "Gure pentsamenduak eta otoitzak Kongresuko kideekin, langileekin, Kapitolioko Poliziarekin, larrialdi zerbitzuetako kideekin eta gainerako kaltetuekin daude", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Albisteak