Mundua -

Paris kanpoaldean

Frantzian nahita egindako auto harrapaketaren egileak drogak hartu zituen

Gizonezkoak 12 urteko neska bat hil zuen, eta hamahiru pertsona zauritu zituen, horietako asko larri, haren autoak pizzeria baten aurka jota. Ekintza terrorista izatea baztertu dute oraingoz.

12 urteko neska bat hil zen, harrapaketaren ondorioz. EFE
12 urteko neska bat hil zen, harrapaketaren ondorioz. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bart, Paris kanpoaldean, autoarekin pizzeria baten aurka jota, 12 urteko ume bat hil eta hamahiru zauritu zituen gizonezkoak drogak hartu zituen, Fiskaltzak jakitera eman duenez.

Eric de Valroger Meaxuko fiskalak azaldu duenez, ustezko hiltzaileak (frantziarra da, 1985ean jaioa) narkotikoak hartu zituen; ez du zehaztu zeintzuk. Halaber, ez zuela edan gaineratu du.

Fiskalak adierazi du oraingoz “ekintza terrorista” izatea baztertu dutela, Barne Ministerioak aurreratu zuen moduan. Gizonezkoak ez zuen aurrekari penalik, ezta polizialik ere, eta zerbitzu sekretuek ez zuten jarraitzen.

La Ferte sous Jouarre herriko bizilaguna zen, Sept-Sortsetik gertu. Azkeneko leku horretan dago Cesena pizzeria, gertaera izan zen lekua, 20:00ak aldera (18:00 GMT).

Hainbat pertsona afaltzen ari ziren lekuaren aurka jo zuen autoarekin, eta, 12 urteko haurra hiltzeaz gain, bost pertsona larri zauritu zituen, horien artean 3 urteko ume bat. Beste zortzi pertsona ere zauritu zituen.

Dirudienez, gidaria bere buruaz beste egiten saiatu zen lehengo astean. Bart berehala atxilotu zuten, eta poliziei ekintza horrekin bizia galdu nahi zuela kontatu zien.

De Valrogerrek azaldu duenenez, lehergailu teknikariek ez dute aurkitu armarik ez beste gailu arriskutsurik kotxean. Halere, “ez dago zalantzarik nahita erabaki zuela egindakoa burutzea”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Drogak albisteak Frantzia albisteak Gaurko azken ordukoa