Mundua -

Portugal

13 lagun hil eta 50 zauritu dira Madeiran, zuhaitz bat gainera erorita

Funchal hiriburuan izan da ezbeharra, elizaren kanpoaldean ehunka lagun ospakizun bat egiten ari zirela. Zazpi pertsona larri zauritu dira.

Funchal hiriburuan zuhaitz handi bat erori da. Argazkia: EFE
Funchal hiriburuan zuhaitz handi bat erori da. Argazkia: EFE
Funchal hiriburuan zuhaitz handi bat erori da. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 13 pertsona hil eta 50 bat zauritu dira, horietako zazpi larri, Funchal hiriburuan (Madeira, Portugal), zuhaitz handi bat gainera erori ostean. Nossa Senhora do Monteko elizaren kanpoaldean izan da ezbeharra, ehunka lagun ospakizun bat egiten ari zirela.

Madeirako Autonomia Gobernuko eskualde-idazkari Pedro Ramosek esan duenez, adingabe bat dago hildakoen artean. Gainera, Alemania, Hungaria eta Frantziako biktimak ere badaude.

'Gure lehentasuna zaurituak artatzea eta biktimen familiei laguntza ematea da', adierazi du Ramosek.

Ehunka lagun zeuden itxaroten 'Largo da Fonte' gunean, prozesioa hasi arte; bat-batean, zuhaitza, tamaina handikoa bera, jendearen gainean jausi da.

Ezbeharraren aurrean, erantzuna 'eraginkorra, azkarra eta bikaina' izan da, Pedro Ramosen esanetan; laguntza-zerbitzua eguerdia igarota sartu da indarrean, eta hamaika minuturen buruan bazegoen lehen zauritua Funchaleko ospitalean.

Alburquerquek nabarmendu duenez, segituan egingo dute bilera bat Madeiran hiru dolu-egun ezartzeko; haren iritziz ere, Babes Zibileko baliabideek erantzun bikaina eman dute.

Milaka lagun biltzen dira urtero

Monte herria Funchal kanpoaldean dago (Funchal Madeirako hiriburua da), eta Monteko Gure Amaren festak milaka lagun biltzen ditu urtero.

Antonio Costa Portugaleko lehen ministroak doluminak agertu dizkio ezbeharraren biktimei; bitartean, Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko presidentea Madeirarako bidean dago, gertatutakoa bertatik bertara aztertzea xede.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken ordukoa Portugal