Mundua -

Erasoa Chihuahuan

14 pertsona hil eta 8 zauritu dituzte errehabilitazio zentro batean Mexikon

Errifleekin armatutako erasotzaile talde bat Chihuahuako zentroan sartu da bart, eta barruan zirenei eraso die.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errifleekin armatutako erasotzaile talde bat Chihuahuako (Mexiko iparraldea) errehabilitazio zentro batean sartu da bart, eta bertan zeudenei tiroz eraso die. Gutxienez, 14 pertsona hil eta zortzi zauritu dira, Mexikoko hedabideek jakinarazi dutenez.

Erasoa Mexikon 21:00ak zirenean jazo da (04:00ak, Euskal Herrian). Burua estalita eta erriflea eskuan zeramatzaten pertsona talde bat eraikinean sartu da, eta tiroka hasi da bertan zeudenen kontra, Reforma egunkariaren arabera.

El Universal-ek Fiskaltzako iturriak aipatuta zabaldu duenez, 16 pertsona hil dituzte, eta hildakoen kopuruak gora egin dezake oraindik, bost pertsona larri zauritu baitituzte.

"Familiak elkartuz hobeto bizitzeko" drogazaleentzako errehabilitazio zentroa izan dute jomuga erasotzaileek. Chihuahua hiria Mexiko iparraldean dago, izen bereko estatuan, AEBko mugatik gertu. Indarkeria kasu ugari dituzte inguru hartan, droga kartelek eta gaizkile taldeek eraginda gehienbat.

Zaurituak Chihuahua estatuko ospitaleetara eraman dituzte.

Mexikoko polizia taldeek (estatalak, federalak eta udal alorrekoak) kontrolak jarri dituzte erasotzaileak harrapatzeko.

Oraingoz ez dute zehaztu zer dela-eta egin duten erasoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Mexiko bideoak Gaurko azken orduko albistea