Publizitatea
X

Irratia zuzenean

2017ko Medikuntzako Nobel sariaren irabazleak

Mundua

Golardoa

Hall, Rosbash eta Young, 2017ko Medikuntzako Nobel sariaren irabazleak

Agentziak | Erredakzioa

2017/10/02

'Erloju biologikoa' izenekoaren gainean egindako ikerketengatik hautatu dituzte, eta abenduan emango diete.

  • Ezkerretik eskuinaldera: Young, Rosbash eta Hall. Irudia 2013koa da. Argazkia: EFE.

    Ezkerretik eskuinaldera: Young, Rosbash eta Hall. Irudia 2013koa da. Argazkia: EFE.

    Ezkerretik eskuinaldera: Young, Rosbash eta Hall. Irudia 2013koa da. Argazkia: EFE.
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Jeffrey C. Hall, Michael Rosbach eta Michael W. Young estatubatuarrek irabazi dute 2017ko Medikuntzako Nobel saria. Stockholmeko Karolinska Institutuko Nobel Batzordeak gaur eman du horren berri, eta "eguneko 24 orduetako erritmoa kontrolatzen duten mekanismo molekularrei buruz egindako aurkikuntzengatik" saritu dituztela azaldu du.

"Lurraren errotazioarekin" sinkronizatzeko, "landareek, animaliek eta gizakiek" euren erritmo biologikoa nola moldatu duten azaldu dute saridunek. Horixe da erloju biologikoa, eta hainbat arlotan aplikatzen da: bidaia luzeek eragiten duten 'jet lag' izenekoan, landareen funtzio klorofilikoan…

Erloju honek "zorrotz" egokitzen du gure fisiologia eguneko unearen arabera; hormona-mailan, gorputzaren tenperaturan, metabolismoan… Hala azaldu du epaimahaiak.

Erritmo biologikoa kontrolatzen duen genea isolatu zuten

Sariaren irabazleek eguneroko erritmo biologikoa kontrolatzen duen genea isolatu zuten; horretarako, zeluletan gauean pilatu eta egunean degradatzen den proteina bat kodifikatu zuten.

Halaber, zeluletako barneko erlojuan eragina duten proteinetako osagarri gehigarriak ere identifikatu zituzten, Suediako Institutuak argudiatu duenez.

EFE MEDIKUNTZA NOBELA 2017 ALDARRIKAPENA

Gaur eman dituzte jakitera saridunen izenak. Argazkia: EFE.

Hall 1945ean jaio zen New Yorken, eta Maineko Unibertsitatean egiten du lan, AEBn; Rosbash 1944an jaio zen, Kansansen, eta Walthamekoan dabil lanean; eta Young Miamin jaio zen, 1949an, eta Rockefeller Unibertsitatean egiten du lan, New Yorken.

Iaz, Yoshinori Ohsumi japoniarra saritu zuen Karolinska Institutuak, autofagiaren mekanismoak aurkitzeagatik. Prozedura hori funtsezkoa da osagai zelularrak degradatu eta birziklatzeko. Horrek garrantzi handia du hainbat fenomeno fisiologikotan.

Nobel sariak 9 milioi koroa suediar (943.784 euro) ematen dizkio irabazleari; beraz, hiruren artean banatu beharko dute. Azken bost urteotan lehen aldiz, baina, aurten igo egin dute irabazleak jasoko duen diru-kopurua.

Aste honetan, sari gehiago

Aste honetan, beste hainbat Nobel sari emango dituzte: asteartean, Fisikakoa; asteazkenean, Kimikakoa; ostiralean, Bakearena; eta astelehenean, Ekonomiakoa.

Sari guztien irabazleen izenak Stockholmen ematen dituzte jakitera, Bakearena izan ezik; azken hori Oslon ematen da. Hala nahi zuen Alfred Nobel handiki suediarrak, sarien sortzaileak (1833-1896), garai hartan Norvegia Suediako Erresuman baitzegoen.

Sariak abenduaren 10ean ematen dira beti, Nobelen heriotzaren urteurrenarekin batera, ekitaldi bikoitz batean. Stockholmeko Konserthusen eta Osloko Udaletxean egiten dira bi ekitaldi horiek.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

orain albiste

Albiste gehiago

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena