Mundua -

Italia

10 boto-emailetik 9k autonomia handiagoa eskatu dute Lombardian eta Veneton

Gehiengo zabal batek eskualdeak biltzen dituen ia zerga guztiak kudeatzea eskatu du. Bi eskualdeek Italiako BPGaren % 30 sortzen dute.

Luca Zaia Venetoko presidentea, bozketan. Argazkia: EFE
Veneto eta Lombardiako erreferendumetan autonomia handiagoak irabazi du

1:00

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lombardia eta Veneto Italiako eskualdeetan autonomia handiagoa izatea eskatu du gehiengo zabal batek, Erromari zerga sisteman askatasun handiagoa eskatzeko igandean egin dituzten hauteskundeetan (ez dira lotesleak).

Behin-behineko datuen arabera, Veneton, % 98k egin du baiezkoaren alde, eta % 95ek Lombardian; parte-hartzea % 57,2koa izan da Veneton eta % 40 ingurukoa Lombardian.

Luca Zaia Venetoko gobernatzaileak azpimarratu duenez, eskualdea "Gobernuarekin hitz egiteko eta autonomia laborategia izateko prest dago", eta zergen % 90 kudeatu ahal izatea eskatu du.

Bestalde, Roberto Maroni Lombardiako buruzagiaren ustez, bozketak ateak ireki dizkio "mendeko gatazkari", eta Gobernuarekin hitz egiteko prestutasuna agertu du.

Gianclaudio Bressa Italiako Eskualde Gaietarako idazkariordearen esanetan, "Gobernua prest dago negoziazioari ekiteko", La Repubblica egunkariaren arabera.

Lombardia zein Veneto (Italiako iparraldeko eragile ekonomiko nagusiak) Ipar Liga alderdiak kudeatzen ditu. Alderdi hori independentziaren aldekoa da, kutsu neofaxista du, eta Gobernu zentralarekin negoziazioa bultzatu nahi du kontsulta horrekin.

Lombardiak (Milan du hiriburu) Italiako BPGaren % 20 sortzen du, eta Venetok (Venezia du hiriburu), % 10.

Galderak

Lombardiaren kasuan, boto-emaileek "berezitasunean eta batasun nazionalaren baitan oinarrituta, autonomia forma berriak eta baldintza partikularrak eskatzeko beharrezko ekimen instituzionalei ekitea" nahi dutela erabaki dute.

Veneton, aldiz, galdera zehatzago bat izan dute: "Venetoko eskualdeak autonomia forma berriak eta baldintza partikularrak izatea nahi al duzu?".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Italiako albisteak