Mundua -

Kalifornia

Charles Manson serie-hiltzailea zendu da, 83 urte zituela

1969ko abuztuan, 'Manson familiak' zazpi pertsona hil zituen. Hilketa horiek zeharo astindu zuten gizarte estatubatuarra, baina jarraitzaileak ere izan zituen.

Mansonek svastika baten tatuaia egin zuen aurpegian, kartzelan zegoenean. Argazkia: EFE
Mansonek svastika baten tatuaia egin zuen aurpegian, kartzelan zegoenean. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Charles Manson, XX. mendeko hiltzailerik ezagunenetako bat, hil da gaur, astelehena, 83 urte zituela, Kaliforniako (AEB) ospitale batean, berak hildako biktima baten senide batek TMZri adierazi dionez.

Mansonek AEBko gizartea astindu zuen 1969ko abuztuan, hainbat hilketa odoltsu egin zituenean. Berak eta 'Manson familia' izenez ezagututako sektak zazpi pertsona hil zituzten arrazen arteko gerra bat eragiteko helburuarekin.

Krimen horiek zeharo hunkituta utzi zuten gizarte estatubatuarra, eta '60ko hamarkada zein hippyen mugimendua kolpatu zituzten.

Hildakoetako bat Sharon Tate aktorea izan zen. Roman Polanskirekin harremana zuen Tatek, eta bien lehen semea erditzeko gutxi falta zitzaion.

Hildakoek biktimen odola erabili zuten hormetan mezuak idazteko, The Beatles taldeko Helter Skelter abestian entzuten omen zituzten aginduei jarraituta.

Manson, 2011ko irudi batean. Argazkia: EFE

Serie-hiltzailea Bakersfieldeko ospitale batean hil da, TMZri Tateren ahizpak azaldu dioenez, Corcoran Stateko (Mansonen espetxea) telefono deia jaso ondoren. 1971an zigortu zuten Manson, organizazioan zuen zereginagatik eta bere jarraitzaileek egindako hilketak antolatzeagatik.

Presondegian zazpi urte eman ostean, baldintzapeko askatasuna lortzeko estatusa lortu zuen, baina hainbatetan ukatu zioten, agintariek preso oso arriskutsutzat jo zutelako behin eta berriro.

Azken 20 urteetan, Mansonek uko egin dio baldintzapeko askatasuna eskatzeko saioetan agertzeari. 2011an Vanity Fair aldizkariak egin zion elkarrizketan, gizon "zital, zikin, gaizkile eta gaizto" bezala deskribatu zuen bere burua. Gainera, "Jaungoikoaren borondateagatik" zigortu zutela ziurtatu zuen.

1970ean Rolling Stone aldizkariak plazaratutako erreportaia batean une horretan bizirik zegoen "gizonezko arriskutsuena" zela ebatzi zuten.

Leslie Van Houten sekta horretako kide gazteenak azaldu zuenez, Mansonek sexua, LSDa, Bibliaren pasarteetako irakurraldi eta The Beatlesen White Album-arekin "jan zien burua".

Iazko uztailean ezagutu zen Quentin Tarantinoren film berriak Mansoni eta bere sektako jarraitzaileei buruzkoa izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak bideoak Eguneko albisteak